Gure Esku Dagoren Tripontziak 94.000 euro banatuko ditu
Loteria zozketa soil bat izatetik urrun dago Gure Esku Dagok (GED) antolatzen duen Tripontzia Saria. Aurten, egitasmo berri bat jarri du martxan GED-k, hain zuzen, Tripontzia: burujabetzara bidean komiki digitala; honela, komiki digitalaren sustapenarekin batera, 94.000 euro zozketatuko ditu guztira, komiki digitalerako kodea erosiko duten guztien artean.
Ane Labaka eta Nerea Ibarzabal Txakur Gorria sortzaileen kolektiboko kideek idatzitako zazpi istoriok osatzen dute Tripontzia: burujabetzara bidean istorio sorta digitala, eta Unai Gaztelumendi diseinatzaile eta ilustratzaile donostiarrak egin ditu marrazkiak. Istorio bakoitzak protagonista bat du ardatz, eta erabaki txiki batek lotzen ditu pertsonaiak burujabetzaren aspekturik egunerokoenarekin. Komikiarekin batera, Erabaki txiki batekin hasten da dena kanpaina abiatu du Gure Eskuk. Gaur goizean aurkeztu dute egitasmoa Koldo Mitxelenan, eta han izan dira Amalur Alvarez Gure Eskuren bozeramailea, eta produktua sortu duten hiru artistak.
“Burujabetzaren norabidea eguneroko erabaki txikietan hartzen dugula irudikatu nahi du lanak; eta, beraz, burujabetzaren bidean aurrera egiteko, pausorik txikiena ere beharrezkoa dela”, adierazi du Alvarezek. Labakaren ustez, burujabetzaren bidean egunerokotasuneko keinuek garrantzia dute, eta kontatu du euren idatzietan hori islatzen saiatu direla. Txakur Gorria kolektiboko kideek azaldu dute burujabetzaren inguruko hainbat ildo izan dituztela abiapuntu gisa, eta horien inguruan sortu dute kontakizuna: ekologia, feminismoa, euskara, eta abar.
Gaztelumendik ilusio berezia azaldu du proiektuarekiko, izan ere, bere lehen argitalpen handia dela azaldu du. Bi idazleen ildoari jarraituta sortu ditu ilustrazioak, eta burujabetzarako bidean egunerokotasuneko keinuak islatu nahi izan ditu. Gainera, komikiarekin batera, pertsonaia berri bat sortu du Gaztelumendik: hontza tripontzia.
Txartelak
Datozen egunetan jarriko da abian salmenta, eta horiek herrietako saltokietan eta tabernetan eskuratu ahalko dira. Gainera, Gure Eskuren kideek ere salduko dituzte. Txartelen aurreko aldean kokatzen da komiki digitala eskuratzeko kodea, eta atzealdean zozketan parte hartzeko zenbakia eta seriea.
Zenbaki eta serie irabazleak 60.000 euro jasoko ditu, eta zenbaki bereko gainerako serieek 2.000na euro. Bigarren zenbaki irabazleko zortzi serieetako bakoitzak 1.500 euro jasoko ditu, eta hirugarren zenbaki sarituko serie bakoitzak 1.000 euro.
Zozketa urtarrilaren 20an egingo da Beasaingo notariotzan, saldutako txartelen artean, ausazko informatika programa batekin. Gure Eskuk egunean bertan iragarriko ditu zenbaki irabazleak gureesku.eus eta tripontzia.eus webguneen bidez; baita bere sare sozialetan ere.