'Joker' izango da 67. Zinemaldiko film sorpresa
Zinemaldiko antolatzaileek gaur jakinarazi dutenez, Veneziako Urrezko lehoia irabazi duen Joker izango da 67. jaialdiko film sorpresa. Zinemaldiak proiekzio bat eskainiko du sei hiritan aldi berean estreinako aldiz; larunbatean izango dira proiekzioak, 18:00etan, Donostiako, Madrilgo, Bartzelonako, Valentziako, Zaragozako eta Sevillako zinema aretoetan. Gurean Viktoria Eugenian emango dute pelikula, eta sarrerak hilaren 15ean jarri ziren salgai.
Zinemaldiak sorpresazko film bat programatzeko ohitura zaharra berreskuratu du, eta saioa jaialdiko azken egunean izango da, hilaren 28an, larunbatean. Oraingoan, Donostiatik at aterako da film sorpresa estreinako aldiz Zinemaldiko historian. Joker zinema aretoetan estreinatuko da urriaren 4an.
Todd Phillipsek zuzendu, idatzi eta ekoitzitako filma da, eta bere ikuspuntu pertsonala eman dio DC Comics-eko pertsonaia zitalari. “Istorioak oso modu originalean jaso du haren mitologia tradizionala”, azaldu dute Zinemaldikoek. Zuzendariaren iritziz, gauza ororen gainetik, Gothameko hautsitako gizartean bere lekua aurkitzeko borrokan ari den gizona da Arthur Fleck, Joaquin Phoenixek maisuki hezurmamitu duen pertsonaia.
Oscar sarietako hiru aldiz hautagai izan da Phoenix (The Master, Walk The Line, Gladiator), eta protagonistaren rola egiten du Oscar saria irabazi duen Robert De Nirorekin batera (Raging Bull, The Godfather Part II). Besteak beste, honako aktore hauek ere agertzen dira filmean: Zazie Beetz (Atlanta telesaila, Deadpool 2), Frances Conroy (American Horror Story telesaila, Huluren Castle Rock), Brett Cullen (42, Netflixen Narcos), Glenn Fleshler (Billions eta Barry telesailak), Bill Camp (Red Sparrow, Molly’s Game), Shea Whigham (First Man, Kong: Skull Island), Marc Maron (Maron telesaila, GLOW), Douglas Hodge (Red Sparrow, Penny Dreadful telesaila), Josh Pais (Motherless Brooklyn, Going in Style) eta Leigh Gill (HBOren Game of Thrones).