Justizia klimatikoaren alde buru-belarri ari dira

Mugimendu gaztea da zentzu guztietan Donostiako Fridays For Future (DFFF): denbora gutxi da hiriko taldea eratu zela, eta kide gehienak gazteak dira. Justizia klimatikoaren aldarrikapenak kalera eramateko sortu da mugimendua, eta horretarako antolatu dute Justizia Klimatikoaren Aldeko Nazioarteko Mobilizazio Astea. Ostiralerako deitu dute klima larrialdiaren aurkako mundu mailako greba orokorra, baina DFFF-koek joan den ostiraletik daramate aktibo. Hilaren 20an hasi zuten mobilizazio astea, eta elkarretaratzera deitu zuten Alderdi Ederren.
Larunbatean, aldiz, performance ikusgarri bat egin zuten Artzain Onaren plazan. Urkabe bat irudikatu zuten, eta Fridays For Future mugimenduko bi kide izotz baten gainean igo ziren, urkabetik zintzilik zeudela. Hondakinak jasotzeko deialdiak ere egin zituzten asteburuan, Urgullen eta Zurriola hondartzan. Hitzaldiak ere antolatu dituzte: astelehenean, krisi klimatikoa, beganismoa eta antiespezismoa izan zituzten mintzagai, eta atzo, F**k fast fashion: modaren benetako inpaktua hitzaldia egin zuten tabakaleran.
Gaur, bihar eta etzi, prestatutako egitarauarekin jarraituko dute:
Irailak 25, asteazkena
- 18:30 Mahai-ingurua: Ekonomia zirkularra eta energia berriztagarriak, Tecnun-en.
Irailak 26, osteguna
- 16:00 – 20:00 Artibismoa: dokumentalak, mahai-ingurua eta luntxa (ekar ezazu zure tupperra), Tabakaleran.
Irailak 27, ostirala
- 12:00 Ikasle greba, Bulebarrean.
- 18:00 Nazioarteko manifesazioa, Alderdi Ederren.
3° HUELGA MUNDIAL POR EL CLIMA ??️
— Fridays For Future Donostia (@FFFDonostia) September 17, 2019
Gure planeta eta gure etorkizuna defendatzeko, ezin gara falta IRAILAK 27ko ostiralean?
Queremos #JusticiaClimática#fridaysforfuture #climatestrike #juventudporelclima #klimaaldaketa #climatejustice #weekforfuture #gretathumberg pic.twitter.com/oWLLa6wuvV
Donostiako Fridays For Future
Donostiako taldearen lehen manifestazioa 2018ko martxoaren 15ean izan zen, eta ordutik, hazten doa gazte mugimendu hori. Egun, gaian interesa duten 180 pertsonak osatutako Whatsapp talde bat da mugimenduaren bizkarrezurra, eta koordinazio talde txikiago batek egiten ditu lan teknikoak. Talde horretako kidea da Jon Kareaga, eta harekin hitz egin dugu mugimenduaren nondik norakoak ezagutzeko. Elkarrizketa osoa ostiraleko astekarian egongo da irakurgai.