Abortu Seguruaren Aldeko Nazioarteko Egunarekin bat egiteko elkarretaratzera deitu dute
Abortu Seguruaren Aldeko Nazioarteko Eguna izango da larunbatean, irailaren 28an. Donostian elkarretaratzera deitu dute egun horretarako, “abortu seguru, legal eta doakoaren alde”. 12:00etan egingo dute protesta, Bulebarrean, Abortu legalari nazioarteko argi berdea lelopean. “Euskal Herrian ere mobilizatzera deitzen dugu, guk ere abortatzen dugulako”, adierazi dute antolatzaileek.
Gaur, aldiz, mobilizaziorako prestaketa tailer bat antolatu dute Kijera gaztetxean: Argentinako aktibista muralista batekin kartel tailerra. Argentinako abortuaren aldeko mugimenduaren ildoei jarraituz, larunbateko elkarretaratzera zapi berdearekin joateko deialdia zabaldu dute.