Erresidentzietako grebalariek Kursaalera eraman dute euren borroka
Gipuzkoako zahar etxeetako langileek euren “lan egoera prekarioa salatzeko eta gainditzeko” 30 eguneko greba deialdi berria egin zuten joan den irailaren 19an, eta urriaren 18ra arte luzatuko dute. Txandakako greba hasi zutenetik urte bat baino gehiago pasa da, eta oraingo txanda amaitzean, 118 greba egun beteko dituzte zahar etxeetako langileek.
67. Zinemaldia dela eta ELA sindikatuak eta grebalariek “sozializazio ekintza berezi bat” antolatu dute: Zaintzaldia izeneko jaialdi alternatiboa. “Emakume prekario gisa, gure pelikula kontatu nahi dugu”, adierazi dute. Jakinarazi dutenez, soldatak igotzea, lanaldiak “normalizatzea” eta atsedenaldiak kontuan hartzea eta zerbitzuaren kalitatea bermatzeko langileen ratioak hobetzea daude aldarrikapenen artean.
Saguesen kokatu dute kanpamentu nagusia, eta Zaintzaldiaren helburuak grebaren aldarrikapenak eta egungo egoera sozializatzea dira, baita negoziazioek bizi duten “itopuntua” ere. Herritarrak mobilizazioetara batzeko eta Saguesera joateko deialdia luzatu diete. Atzo hasi zuten egitasmoa, Kursaaletik abiatu zen manifestazio batekin, eta programatutako lehen proiekzioa ere egin zuten: François Ruffin-en Merci Patron. Eguna zumba feminista saio batekin amaitu zuten.
Gaur, Zaintzaldiaren bigarren egunean, argazki kolektibo bat egin dute Kursaalaren aurrean, lurrean jarri duten alfonbra more baten gainean. “Egun hauetan hirian arnasten den glamourraren aurrean, gure egoera prekarioa salatu nahi dugu”, azaldu dute grebalariek. Ondoren, Zurriola hondartzara jaitsi dira, aktore eta artistek argazkiak ateratzen dituzten lekutik gertu, eta bandera erraldoi bat zabaldu dute Elkar ekin, zaintza duintzeko leloarekin. Arratsaldean, 16:00etan, Pan y rosas (Ken Loach) filma proiektatuko dute Sagueseko karpan, eta solasaldia egingo dute ondoren. 19:00etan, erromeria feminista ibiltaria egingo dute eguna amaitzeko.
Bihar, Zaintzaldiaren azken egunean, borrokaren berri emango dute hiriko kaleetan, eta 14:00etan paella jate herrikoia egingo dute. 16:00etan azken proiekzioa egingo dute: Matthew Warchus-en Pride. Horrela, Zaintzaldia bihar bukatuko da, baina Gipuzkoako zahar etxeetako langileek grebarekin jarraituko dute urriaren 18ra arte.