Ez, ez, ez, pantanorik ez
Sara Hernandez Askasibar, zinema kritikaria.
‘Urpean lurra’
Zuzendaria: Maddi Barber
Urtea: 2019
Herrialdea: Euskal Herria
Saila: Zabalegi-Tabakalera
Maddi Barber bueltan dugu Zinemaldian eta honek asko poztu gaitu. Iaz 592 metroz goiti film laburra Zabaltegi-Tabakalera sailean aurkeztu ondoren, aurten ere sail berberean estreinatu du bere azken lana, Urpean lurra. Ezinbestekoa da bi filmeen arteko lotura, batak bestea osatu eta borobiltzen baitu, Itoizko urtegiaren ibilbideari ikuspegi ezberdinetatik helduz.
90eko hamarkadan, Nafarroako Pirinioetako maldetan, zazpi herri eta hiru erreserba natural urperatu zituzten Itoizko urtegia eta ubidea eraikitzeko. Egun, urtegiaren gainetik giza-bizitzak aurrera egin du eta, azpian, ura besterik ez dago, itxuraz. Ez da egia, ordea. Naturak bere lekuaren bila iraun du, eta hango biztanleek galdutako herri eta lur horiekin amesten jarraitzen dute. Betiko.
Filmaren abiapuntua Maddiren, bertako biztanle baten, galdera zehatz bat da: Nola bizi daitezke lasai herritarrak ur azpian hainbeste maite izan zuten bailara hondoratuta dagoela jakinda? Handik hasi, eta beste hainbat galdera eta gogoeta azaleratzen ditu Urpean lurra filmak, ikuslea zalantzaz josiz: Zer zegoen han? Aski balioetsitako paisaiak eta oroitzapenak dira? Borrokatu egin ote zuten bizilagunek urtegiaren aurka? Zertarako suntsitu zituzten zazpi herri txiki horiek? Merezi izan ote du?
Artxiboko irudiez baliatuko da Barber erantzunak lortu eta gertatutakoa gordintasunez erakusteko. Solidari@s con Itoiz taldeak, ingurumenaren aldeko beste hainbat talde eta aldarrikapenetan parte hartu zuten elkarte eta lagunek, aurkako ekintza ugari eragiteaz gain, prozedura luze hau filmatzen ere saiatu ziren. Grabaketa amateurrak dira, baina kalitate txikiko irudiak izanda ere –zoom luzeegiak, pixelatu ikaragarriak, plano finko gehiegi– egia adierazten dute, eta honek indar handia dauka. Gaur egungo urtegiko irudiekin nahastu ditu gainera Maddik, kontraste ikaragarria sortuz. Hain dira ederrak euri tantak urtegian eta sugea zuhaitzean… eta hain dira mingarriak zuhaitzaren adarrak urtegitik kanpo, zuhaitza bizirik irauteko borrokan dabilen seinale…
Iragana eta etorkizunaren arteko lotura Itoizko urtegiaren orainaldiaren bidez bideratu du Barberrek, hango biztanleen testigantzak material eroalea bihurtuz. Urpean geratu dena ahaztu ezinik, begiak itxi eta haien ametsak –amets gaiztoak batez ere– partekatuko dituzte terapia modura. Halabeharrez, Maddik ere parte hartuko du prozesu mingarri horretan, urtegiarekin amestutakoak aitortuz, inork ezingo baitu bere burutik maite duen bailara ezabatu.
Bestalde, Xabier Erkiziaren esku dagoen soinua hain da zehatza, non ikuslea bertan -urtegiaren ertzean- sentituko den. Azkenik, Mirari Etxabarri eta Gerard Ortinek lagundu dute Maddi muntaiarekin, erronka baitzen borroka kolektiboaren eta dolu indibidualaren arteko elkarrizketa hau zuzen aurkeztea, ikusle orori nostalgia eta amorrua sentiaraztea.
Protestak protesta, urtegia altxatu eta 20 urte beranduago (2002an bukatu zen eraikuntza), Barberrek zinemako pantaila handira ekarri du aldarrikapena. Ez ditzagun ahaztu, ez urpean geratu zen paisaia erreal hori, ez eta gure oroitzapenetan gorde dugun paisaia imajinarioa. Ezinbesteko filma da Urpean lurra.