Turismoaren Mundu Erakundearen aurkako protestan atxilotutako gazte bat epaitu dute
Bizitza Da Handiena plataformak elkarretaratzea egin du epaitegien aurrean, 'Protesta sozialari epaiketarik ez!' lelopean. Ertzaintzak protestan ari zen kideetako bat eta hor zeuden kazetariak identifikatu ditu.
Gaztea iazko maiatzean eginiko Borroka Sozialen Asteko gertakari batengatik pasa da epailearen aurretik. Tabakaleran Turismoaren Mundu Erakundeko ordezkariei eginiko harrera ekitaldia zela eta, Bizitza Da Handienak (BDH) elkarretaratze zaratatsua egin zuen eraikinaren kanpoaldean. Orduan, Ertzaintzak gogor jo zuen protestan ari zirenen aurka, eta oldarraldian, elkarretaratzean parte hartu zuten bi lagun atxilotu zituen. Horietako bati poliziaren aurkako eraso bat leporatzen diote orain.
Jarraian, ustezko erasoaren bideoa, Ertzaintza herritarren aurka oldartu zen unean:
Gazteari babesa adierazi eta jazarpen polizial eta judiziala salatzeko, BDH-ko kideek elkarretaratzea egin dute epaitegien aurrean, Protesta sozialari epaiketarik ez! lelopean. Minutu gutxira, ordea, eraikinetik ateratako lau ertzain agertu dira eta protestan ari zen kideetako bat identifikatu dute, elkarretaratzea jakinarazi ez dietela argudiatuz. Inguruan zeuden kazetariek identifikazioa grabatu dute eta haiek ere identifikatu ditu poliziak, jasotako irudien “erabilera okerra” egin dezaketela azalduz.
Epaiketa honez gain, Ertzaintzak bigarren auzibide bat abiatu du BDH-ko beste kide baten aurka, Borroka Sozialen Astean zehar Idiakez kaleko eraikin batean eginiko okupazioagatik. Beste gazte hau joan den astean pasa zen epaitegitik, hirugarren aldiz jada, baina saioa bertan behera gelditu zen berriro ere, atestatua idatzi zuten bi ertzainak agertu ez zirelako, eta epaileak auzia urtarrilera arte atzeratu du.