"Zubietako erraustegia hain dago ezkutatuta!"
Aberl Arkenbout eta Kirsten Bouman Herbeheretako Toxicowatch fundazioko ikertzaileak dira. Zubieta Lantzen herri ekimenak erraustegiaren inguruetan laginak hartu eta kutsadura mailaren eboluzioaren jarraipen bat egiteko kontratatu ditu. 2011n, Harlingengo erraustegi modernoak gehiegizko dioxina kopuruak isurtzen zituela frogatu zuen Toxicowatchek, eta bere bi kideek zalantzan jartzen dute azpiegitura hauek hondakinen kudeaketa egoki bat egiteko duten baliagarritasuna. Zubietako erraustegiari dagokionez, hura eraikitzeko aukeratu duten kokapenak harritu ditu: “Hain dago ezkutatuta!”.
Irutxuloko Hitzak bi ikertzaileei eginiko elkarrizketa argitaratuko du ostiralean. Jarraian, aurrerapen txiki bat:
Erraustegiek egiten duten dioxinen isurketa saihestu egin daitekeela uste duzue?
Erraustegiak normaltasunez funtzionatzen duenean, neurketek dioxina isurketa baxuak jasotzen dituzte. Arazoa abiaraztean egon ohi da. Hutsegite bakoitzaren ostean, instalazioa gelditu eta berriro jartzen da martxan. Hor, ordu gutxian urte osoko dioxina kopuru bera isuri daiteke.
Ustez, hutsegiteak ez dira gertatu behar, baina gertatzen dira. Harlingengo erraustegia jada 70 aldiz berrabiarazi dute 2011tik.