Tomas Alba omendu dute Donostiako Udalean
Donostiako Udaleko HBko zinegotzi izandako Tomas Alba omendu dute gaur eguerdian udaletxean, bere erailketaren 40. urteurren egunean. EH Bilduren udal taldeak proposatuta eta udal talde guztien babesarekin egin dute omenaldia, eta udal batzar aretoa bete egin da Eneko Goia alkateak Albaren omenez esandako hitzak entzuteko. Biktima guztientzat “egia, justizia eta erreparazioa” aldarrikatu du Goiak.
Bost udal taldeetako ordezkariak, HBko zinegotzia izandakoaren senitartekoak eta herritar ugari egon dira presente. Ekitaldia bukatzeko, lore eskaintza egin dute udaletxean Albaren omenez dagoen plakan, Udal Txistulari Taldeak omenaldia girotzen zuen bitartean.
Batallon Vasco Español talde ultraeskuindarrak hil zuen Alba, 1979ko irailaren 28an, Astigarragako Kako sagardotegian afaldu ondoren, bere autoa hartzera zihoanean. BVEko Ignacio Iturbide Pitik eta Ladislao Zabalak hil zuten Alba, ehiza eskopeta batekin tiro eginez.