'Pacificado' film brasildarrak irabazi du Zinemaldiko Urrezko Maskorra
Paxton Winters zuzendari estatubatuarrak Brasilgo faveletako bizitzari buruz eginiko pelikulak eskuratu du 67. Zinemaldiko sari nagusia. Moriarti taldearen 'La trinchera infinita' filmak ere pisuzko hainbat sari jaso ditu.
Neil Jordan epaimahaiburuaren eskutik jaso zuen Paxton Wintersek 67. Zinemaldiko pelikula onenarentzako Urrezko Maskorra. Bere filmak, Pacificado-k, Brasilgo faveletako errealitatea erakusten du, eta lehiaketako sari nagusia eskuratzeaz gain, beste bi lortu zituen larunbatean Kursaalean eginiko galan: Gizonezko aktore onaren Zilarrezko maskorra, Bukassa Kabengelerentzat, eta argazki onenaren saria, Laura Meriasentzat.
Moriarti taldeko hiru zuzendari gipuzkoarren La trinchera infinita izan zen festibaleko beste irabazle nabarmena. Izan ere, Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren filmak Zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra, gidoi onenaren saria, Euskal Zinemaren Irizar Saria eta kritikaren Fipresci saria irabazi zituen.
Emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra, berriz, bi aktorek jaso zuten: Greta Fernandezek (La hija de un ladron) eta Nina Hossek (Das Vorspiel / The Audition). Sail ofiziala osatzen duen Epaimahaiaren Sari Berezia, azkenik, Alice Winocour zinemagilearen Proxima filmarentzat izan zen.