Autobus gidariek Tolosa hiribideko zuloak 'konpondu' dituzte, erakundeen utzikeria salatzeko
Errepideko zuloek haien lana zaildu eta osasun kalteak eragiten dizkietela salatu dute gidariek, LAB sindikatuarekin batera.
Dbus eta Lurraldebuseko gidariek protesta egin dute gaur LAB sindikatuarekin, Tolosako hiribideko bus erreian dauden zuloek eragiten dizkieten arazoak azaleratzeko. Udalak eta aldundiak urteetan zehar behar bezala konpondu ez dituztela salatuz, gidariak langilez jantzi dira eta errepideko zuloak konpontzeko planta egin dute, tonu umoretsuan.
Fidel Arizmendi LAB-eko delegatuak azaldu duenez, errepideko zuloek gidarien lana zaildu eta osasun kalteak eragiten dizkiete: “Zuloaren kolpearekin, makinak deskonektatu egiten dira eta bidaiariek ezin dute txartela pasa, edo mahaiko txanponak hegan ateratzen dira. Gainera, kolpeek zarata jasangaitza sortzen dute, mantso joan arren, eta gidariek gerriko eta bizkarreko arazoak ere izan dituzte”.
Diotenez, gidariek urteak daramatzate egoera hau salatu eta konponbide bat eskatzen, baina, orain arte, erakundeek behar bezalako neurririk hartu ez dutela uste du LAB-ek: “Urteak daramatzagu arazoaren berri emanez, baina berdinetan gaude. Udalak dio aldundiaren eskumena dela… Aldundiak, aldiz, udalari dagokiola. Eta tartean bus gidariok. Argi dago guk egin ezean ez duela inork bus errei zartatu hau lautuko”.
Asfaltatzeko makinarik ez dutela nabarmenduz, gidariek adierazi dute arraila konpontzeko lanik egiten ez den artean, irtenbide egoki bat dela Tolosako hiribidean erdiko arraila hartu eta geltokirik ez egitea, “ez baitugu ez gure bizkarra erdibitu nahi, ezta bidaiariak errepide erdian utzi nahi ere”.