Datorren astean hasiko dira Santa Klarako itsasargiaren barruko lanak
Donostiako Udalak jakinarazi du Cristina Iglesias eskultore donostiarraren interbentzio artistikoa egiteko lanak datorren astean hasiko direla. Santa Klarako Itsasargiaren Etxearen barruan hasiko dituzte lanak, eta helikoptero batek ostegunean, hilaren 3an, eramango ditu lanak egiteko behar den garabiaren piezak. Helikopteroak hainbat bidai egingo ditu Paseo Berritik uharteraino, Itsasargiaren Etxean garabia jartzeko behar diren piezak eramateko, eta beti, lurreratu gabe.
Gainera, astean zehar hainbat prestaketa lan egingo dituzte, eta hurrengo astean itsasargiaren barrualdearen hustuketa hasiko dute. Udalak esandakoaren arabera, lanak hurrengo hilabeteetan egingo dituzte, zehazki, hurrengo hiru hilabeteetan, “gutxi gorabehera”, itsasargiaren etxea barrutik hustu eta moldatu egingo dute Cristina Iglesiasen interbentzio artistikoa hartzeko.
Halaber, itsasargiaren barruan hondeaketa egingo dute, han instalazioaren hodia jartzeko. Donostiako Udalak baieztatu du Itsasargiaren Etxearen barruko lanek ez dutela inguruan eraginik izango. “Gainera, proiektuak aurreikusten du hondakinen plangintza berezia, handik ateratzen diren hondakinak behar diren bezala tratatzeko, eta, beraz, uhartean eta inguruan eraginik ez izateko”, gaineratu dute. Proiektua LKS Ingenieria-k idatzi du eta Fhecor Ingenieros Consultores enpresaren laguntza izan du egitura arloan. “Planean zehazten da itsasargiak bere funtzioa izaten jarraituko duela eta, beraz, orain arte egin duen lana egiten jarraituko duela”, azaldu du udalak.