Familientzako programazio oparoa antolatu dute San Telmo Museoan
Azken urteetan bezala, urritik Aste Santura bitarteko familientzako programazioa aurkeztu du San Telmo Museoak, eta programazio horri esker, familiak izango dira museoko protagonistak larunbat arratsaldeetan. Programaren helburua da museoa familien aisialdirako gune ireki bihurtzea, eta horretarako museoak askotariko jarduerak antolatu ditu, adin desberdinetako pertsonentzat.
2019-2020 ikasturteko programazioak 33 jarduera biltzen ditu guztira. Gehienak 6-12 adin tarteari zuzenduta daude, baina, horietatik, 10 jarduera 6 urtetik beherakoei zuzenduta daude. Museoko aldi baterako erakusketak eta erakusketa iraunkorrean lantzen diren gaiak izango dira tailerren abiapuntua. “Haurrei zuzendutako tailerrak izango dira, baina haurrekin datozen helduek ere modu ludiko eta atseginean parte hartzeko aukera izango dute”, azaldu dute museokoek. Parte hartzen dutenek, museoa beste ikuspegi batetik begiratzea nahi dute, “jolasen, sormenaren eta senaren bitartez”.
Programazio berritik nabarmendu dute sortzaileek eskainitako tailerrak izango direla asko: artistak, ilustratzaileak, argazkilariak, eskultoreak, kontalariak, poetak eta beste izango dira gidari. Gainera, jakinarazi dute Maushaus eta Galtzagorrirekin kontatu dutela aurtengo programa osatzeko.
Jarduera gehienak larunbatetan izango dira, 17:00etan hasita, eta gehienak euskaraz programatu dituzte. Prezioa, oro har, 5 euro familiako izango da. Kasu batzuetan, dena den, doakoak izango dira, eta aurretiaz izena eman beharko da. Hilabete bakoitzean jarriko dituzte dagozkion jardueren txartelak salgai, bazkideen salbuespenarekin. Aurten, estreinakoz, museoko bazkideek hasieratik izango dute aukera programazio osoko sarrerak erosteko, eta %10eko deskontua izango dute.
Azkenik, iragarri dute Gabonetan haurrentzako ikuskizunak egingo dituztela museoan, eta Aste Santuan, programazio berezia antolatuko dutela, artisautzarekin lotutakoa.
Honako estekan ikus daiteke urritik apirilera bitarteko programazio osoa.