Mintzalaguna egitasmoan izena emateko epea zabalik da
2019-2020 ikasturteko Mintzalaguna egitasmoaren izen-emate epea ireki gaur, eta urriaren 18ra arte egongo da zabalik. Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak antolatutako programa da Mintzalaguna, euskaraz hitz egiteko ohitura duten pertsonak eta mintzapraktika egin nahi dutenak biltzea helburu duena. 25 urte bete ditu aurten Mintzalagunak, eta joan den astean hitzarmen bat sinatu zuen Bagerak euskaltegiekin, programa indartzeko. Hitzarmen horren bitartez, Bagerako kideak euskaltegietan gelaz gela joango dira Mintzalaguna zer den eta nola parte har dezaketen azalduz.
Programaren barruan, hiru edo lau pertsonako taldeak osatzen dituzte eta nahi duten tokian elkartzen dira, gutxienez astean behin ordubetez. Horretaz gain, ikasturtean zehar ekintza desberdinak antolatzen dituzte taldeekin. Bestalde, bi eratara hartu daiteke parte: bidelari gisa, hau da, euskara praktikatuz; edo bidelagun gisa, euskara praktikatzen lagunduz, hain zuzen. Bageraren webgunean eman daiteke izena, eta bidelariek 25 euro ordaindu beharko dituzte izena ematerakoan.