'Don't be Dummy, zuk ez duzu ordezkorik' trafiko kanpainak 850 gazte inguru bildu ditu Antzoki Zaharrean
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren Don’t be Dummy, zuk ez duzu ordezkorik izeneko kanpaina Donostiara iritsi da. Hiriko zortzi eskolatako 850 ikasle inguru bildu dira gaur goizean Antzoki Zaharrean, kanpainarako prestatutako ikuskizun bat ikusteko. Saioak helburu argia du: 15 eta 20 urte bitarteko gazteen artean trafiko istripuak saihestea, eta gaiak duen garrantziaz kontzientziatzea. Hezkuntza programaren ikuskizunaren bi saio egin dituzte gaur. Lehen txandan 473 ikasle izan dira, Axular Lizeokoak, Xabier Zubiri-Manteokoak, Bidebietako institutukoak eta Larramendikoak; bigarrenean, aldiz, 371 izan dira, Ekintzakoak, Antigua-Luberrikoak, La Sallekoak eta Presentacion de Mariakoak. Bihar, Nazareteko ikasleek izango dute ikuskizuna ikusteko aukera.
Saioko protagonista Dummy da: ibilgailu fabrikatzaileek Dummy Crash izeneko panpinak erabiltzen dituzte inpaktuak simulatzeko eta modelo berrien segurtasuna egiaztatzeko. Gizakien antzekoa izaten da, eta simulakro bakoitzaren ondoren, nabarmen gelditu ohi da kaltetuta. Erraz aldatzen dizkiote piezak manikiari, baina kanpaina honetan, mezu argi bat zabaldu nahi dute: «Gizakiok ez dugu ordezkorik».
Gainera, ikuskizunean zehar hiru lagunek lehenengo pertsonan euren testigantzak kontatu dituzte: Maite Artola udaltzainak, Lander San Anton suhiltzaileak, eta bizkarrezur-muineko lesioa duen Alaitz Arbillak. “Bizipen horiek oso hunkigarriak izaten dira, eta gazteengan inpaktu handia edukitzen dute”, baieztatu dute antolatzaileek. Bakoitzak, bere testigantza azaltzeaz gain, hainbat gomendio igorri dizkiete gazteei. Dummyren azalpenek eta irudiek osatzen dute ikuskizuna, eta horien bitartez, trafiko istripuen inguruko informazioa eta datuak jaso dituzte ikusleek. Irudi horietan beste pertsona batzuen testigantzak ere jaso dituzte, besteak beste, larrialdietako zerbitzuetako langileak eta trafiko istripuz hildako gazte baten arreba.
Artolak eta San Antonek, istripu baten abisua jasotzen duten unean martxan jartzen duten protokoloaren berri eman dute, eta azaldu dute zeintzuk diren horrelako egoera batean egin behar izaten dituzten lanak. Azalpen teknikoak emateaz gain, biek alde emozionalari buruz hitz egin dute, eta honakoa izan da nabarmendu dutena: erabaki bakar batek pertsona baten bizitza guztiz aldatu dezake, horregatik, ibilgailuak erabiltzerakoan arduraz jokatzea ezinbestekoa da.”Guk txosten oso osatu bat bete behar dugu istripu bakoitzeko, eta horrek eskatzen du ordu asko gaiaren inguruan lanean aritzea; oso gogorra da, azken finean pertsona baten heriotzari buruz idazten ari garelako”, adierazi du Artolak.
Arbillak lau urterekin izandako istripuaren berri eman die gazteei, eta kontatu du nola izan zuen bizkarrezur-muineko lesioa. “Nire amak izandako deskuidu baten ondorioz sufrimendu izugarria izan dugu biok eta ingurukoek; nire lesioa bizitza osorako izango da, baina nire amak izango dituen kalte emozionalak eta psikologikoak ere betiko izango dira”, esan du Arbillak.
Orain arte, Araba, Bizkaia de Gipuzkoako 45 udalerri ingurutara eraman dute kanpaina, eta dagoeneko 84 saio egin dituzte. Orotara, ia 20.000 ikaslek parte hartu dute eta 75 lekukotik gora ausartu dira beraien esperientzia pertsonala kontatzera. Urrian, EAEko hiriburu guztietan izango direla iragarri dute antolatzaileek.
Hona hemen Alaitz Arbillaren testigantzaren zati bat: