Elkarretaratzera deitu dute Intxaurrondoko Gazte Feministek, auzoko kiroldegian izandako eraso sexista gaitzesteko
Emakume batek sexu erasoa jasan zuen Intxaurrondoko udal kiroldegian, hilaren 19an, eta hilaren 30ean ipini zuen salaketa Ertzaintzaren polizia-etxe batean, Segurtasun sailak adierazi zuenez. Intxaurrondo udal kiroldegian gertatu zela jakinarazi zuen Eneko Goiak alkateak joan den asteartean, Tokiko Gobernu Batzordearen osteko prentsa agerraldian. Era berean, adierazi zuen erasotzailea udal langilea dela, Kirol Patronatukoa, zehazki. Erasotzailea Ertzaintzak atxilotu zuen erasotako pertsonak salaketa jarri ostean.
Erasotako emakumeari babesa adierazteko eta gertakaria salatzeko elkarretaratzera deitu du hilaren 3rako, Intxaurrondoko Gazte Feministen taldeak. Protesta Intxaurrondoko udal kiroldegiko atean izango da, 19:00etan. “Erasoa jasan duenari gure babesa adierazi nahi diogu, eta azpimarratu nahi dugu ez gure auzoan, ez inon, ez dugula inolako erasorik onartuko”, adierazi dute sare sozialetan.