Emakumeek egindako zinema eramango dute Antzoki Zaharrera
Emakumeen Etxeko Zine batzordeak antolatuta, VIII. Emakumeek Egindako Zinemari buruzko jardunaldiak egingo dituzte urriaren 14an, 15ean eta 16an Antzoki Zaharrean. Aurten, hiru zuzendari argentinar izango dira protagonistak, hain zuzen, Maria Luisa Bemberg, Lucrecia Martel eta Lucia Puenzo zinemagileen pelikulak proiektatuko dituzte.
Zinema zikloa urriaren 14an hasiko dute, Maria Luisa Bemberg-en Yo, la peor de todas (1990) filmarekin. Hilaren 15ean, Lucrecia Martelen txanda izango da, eta zinemagilearen La cienaga (2001) pelikula proiektatuko dute. Urriaren 16an, asteazkenean, Lucia Puenzoren XXY (2007) filmarekin itxiko dituzte jardunaldiak.
Emanaldi guztiak 19:00etan izango dira, eta sarrera librea izango da leku guztiak bete arte.
2012tik emakumeen zinema sustatzen
2012an egin zuten lehen aldiz zinema zikloa, eta Delphine Seyrig (1932-1990) zuzendariarekin hasi zen, zinemagile feminista gisara egindako lana erreskatatuz. 2013an, Margarethe Von Trotta (1942) izan zen protagonista; zinemagileak feminismoa eta politika batzen dituen, eta Alemaniako zinema berriaren ordezkaritzat dute askok. Hurrengo urtean, III. Jardunaldietan, bi emakume zinemagile ezagun aurkeztu zituzten: Agnes Varda (1928) eta Claire Denis (1948). Ida Lupino (1918) zuzendari aitzindaria berreskuratu zuten 2015. urtean, eta hurrengo urteetan, hurrenez hurren, Sally Potter (1949), Liliana Cavani (1933) eta Jane Campion (1954) izan ziren protagonistak.