Hamalau urte eta gero...
‘Agur Etxebeste!’
Zuzendaria: Asier Altuna eta Telmo Esnal
Urtea: 2019
Herrialdea: Euskal Herria
Saila: Zinemira
Hamalau urte igaro dira Aupa Etxebeste!-k euskara zinema areto komertzialetan arrakastaz entzunarazi zuenetik. Etxebestetarren oporraldiak porrot egin ostean, hainbat astez etxean gordeta egon ziren Patrizio, Maria Luisa, Iñaki eta Luziano, bizilagunek zer pentsatuko, eta Euskal Herriko hiri eta herrietako zinemetan ilara luzeak sortu ziren egoera komiko bezain penagarria nola konponduko zen ikusteko. Euskarazko zinemaren historiako film ikusiena bihurtu zen orduan, eta 2017an Handia (Jon Garaño eta Aitor Arregi) estreinatu zen arte, titulua mantendu zuen. Bada, bigarren atalaren aurkezpenean, «Aupa Etxebeste! txiki uzteko helburua dugu» adierazpen irmoa egin digu Iñaki Gomez Irusoin ekoiztetxeko kideak. Zaila bada, ez da ezinezkoa.
Filmak gidoi sendo eta landua du oinarrian. Nagore Aranburu aktore eta gidoilaria batu zaie bi zuzendariei langintza horretan, eta hirukoteak sintonia ederra lortu duela esango nuke. Gaurkotasun handiko gaiek eman diote testuingurua istorioari (ustelkeria-kasuak, emakumearen ahalduntzea, enpresa zein politika munduetako kutunkeria, kontziliazioa…) eta horiek lantzeko moduaren naturaltasunak, umorea lagun, filmari bizia eman dio. Une batzuetan aktoreak gidoirik gabe ariko direla usteko dugu, eta horrek balio handia duela uste dut, karakterizazioan ez ezik, nortasunari eta hizkerari dagokienean ere, pertsonaiak bere egin dituztela adierazten duelako. Ederra, benetan, Euskal Herriko aretoetatik biran, filma orotariko euskaldunengana helduko delako.
Horrekin lotura estua du, gainera, proiektuaren zabalkunderako erabilitako estrategiak. Izan ere, lehen filma bezalaxe, bigarren atala ere Donostia Zinemaldian estreinatu zuten, baina dagoeneko salto egin du jauzi areto komertzialetara, jaialdian ikusterik izan ez dutenen mesedetan. Hala, festibalak emandako oihartzuna baliatuko du euskaldunek estreinaldiaren berri izan dezaten, baina lana balioan jarriko duena, jaialdia baino gehiago, tokian tokiko herritarren babesa izango da. Bertan goxatuko dute filma ikusleen barre eta malkoek.
Uste dut, era berean, aktoreekiko sentitzen dugun hurbiltasunak filma bereziki erakargarria egingo duela gurean. Urte asko igaro ditugu elkarrekin, pantaila txiki eta handiaren alde banatan, eta zinemara Ramon Agirre, Elena Irureta, Iban Garate eta Pako Sagarzazuren gisako aktoreak ikustera joateak emozio puntu bat sortzen digu ezinbestean. Maite ditugu, Aupa Etxebeste! maite dugun bezala. Eta lehen atalari egindako erreferentziek, bi tramen arteko antzekotasunek eta istorioa biribiltzeko moduak oroitzapen atseginak berpiztuko dizkigute. Lan teknikoak, halaber, alderdi artistikoa indartzen du, filma arriskurik gabeko apustu bilakatuz.