Mintzalaguna egitasmoan izena eman daiteke hilaren 18ra bitarte
Tu–tik GU-ra, ongi etorri mintzalagunon mundura! da Mintzalaguna egitasmoaren aurtengo leloa. Hilaren 18ra bitarte egongo da zabalik izena emateko aukera. Izena emateko bide nagusia Bagera elkartearen webgunea izango da. Horrez gain, elkartearen egoitzan (Hernani kaleko 15. zenbakian) ere egin daiteke.
Euskara praktikatu nahi dutenek eta praktika horretan lagundu nahi duten euskaldunek izena emateko aukera dute. Gainera, Donostiako Euskara Zerbitzuak eta Bagera elkarteak lortutako akordioari esker 25 euro ordaindu behar dute soilik praktika behar duten parte hartzaileek.
Egitasmoa euskaraz aritzeko ohitura, trebetasuna eta erraztasuna lortu nahi duten euskara ikasleei zuzenduta dago eta berebiziko garrantzia du ezagutzatik erabilerarako jauzia emateko. Mintzapraktika hiruzpalau laguneko taldetan elkartuta egiten da eta parte hartzeko bi baldintza bete behar dira: euskaraz komunikatzeko gai izatea eta astean ordubetez elkartzeko prest egotea.
Gurasolagunak
Ikastetxeekin Gurasolaguna Mintzalagunaren aldaera eskainiko da Udaleko Euskara Zerbitzuaren laguntzari esker. Gurasolaguna aldaeran ikastetxe bereko gurasoekin osatuko dira mintza taldeak. Bereziki, haur hezkuntza eta lehen hezkuntzako lehen zikloko gurasoei eskainitako aldaera da, izan ere, bereziki adin horretako haurren gurasoek egiten duten ahaleginak berebiziko garrantzia du familiaren hizkuntza ohituretan.