Paseo Berriko eta Urgulleko hainbat sarbide itxiko dituzte bihar, Santa Klarako itsasargiko lanak direla eta
Cristina Iglesias eskultore donostiarrak Santa Klara uharteko itsasargian egingo duen interbentzio artistikoa egiteko lanak datorren astean hasiko dira. Santa Klarako Itsasargiaren Etxearen barruan hasiko dituzte lanak, eta helikoptero batek bihar eramango ditu lanak egiteko behar den garabiaren piezak, Paseo Berritik uharteraino.
Donostiako Udalak jakinarazi du helikopteroa 9:00ak aldera hasiko dela lanean, eta horren ondorioz, Paseo Berria itxiko dute 8:00etan ibilgailu zein oinezkoentzat, Oteizaren eskulturaren eta Bokadoren biribilgunearen artean. Aquariumeko eskailerak irekita egongo dira Jacques Cousteau plazara eta Apaizen pasealekura joateko, baina itxita egongo da aipatutako biribilgunera eta Oteizaren eskulturara joateko. Era berean, Damen Bateriarako sarrerak ere itxita egongo dira.