Ordezko irakasleen lan baldintza duinak aldarrikatzeko elkarretaratzea egin dute
Elkarretaratzea egin dute gaur goizean Andia kaleko Eusko Jaurlaritzaren hezkuntza sailaren egoitzaren aurrean, ELA sindikatuak deituta. Ordezko irakasleen “prekarietatearekin” bukatzeko eskatu diote jaurlaritzari, eta Ordezkagune interneteko plataformak gaizki funtzionatzen duela eta “egiturazko arazo bati jarri nahi dioten partxe bat” dela. Bestalde, jaurlaritzaren egoitzaren barruan bukatu dute protesta.
Xabi Rey ordezko irakasle eta ELAko kideak azaldu duenez, 23.000 irakasle daude Eusko Jaurlaritzaren hezkuntza sistema publikoan, eta %40 ordezkoak dira. Reyren arabera, “gehienez kurtso bateko kontratuak” egiten dizkiete, eta herri batetik bestera ibili behar dute etengabe. Reyk azaldu duenez, jaurlaritzak Ordezkagune plataforma sortu du sindikatuekin koordinatu gabe, eta akats asko ditu funtzionamenduan: “Ez du puntu bidezko meritu sistema errespetatzen eta ezin duzu kontrastatu zein den zure egoera”. Internet bidezko plataforma bat da Ordezkagune, eta horren bidez ordezko plaza duten irakasleek izena ematen dute interesatzen zaizkien lanpostuetan. Puntu bidez funtzionatzen du, eta irakasleek dituzten puntuen arabera banatzen dituzte lanpostuak.
Hala ere, ELA sindikatutik “irakurketa estruktural” bat egiten dutela nabarmendu du Reyk, ikasturte bakoitzean pertsonalaren %40a aldatu behar izana “onartezina” dela uste baitute. Horren harira, Reyren arabera, indarrean dagoen konbenioak ordezko irakasleen lan-baldintzak okertu ditu, ez baitie krisi ekonomikoaren aurreko egoerara itzultzeko aukerarik ematen.