Bi hilabeteko erresistentzia gogorra
1936ko uztailaren azken herenetik urte bereko irailaren erdialdera arte iraun zuen 36ko gerrak Donostian. Herritarrek egin zieten aurre militar kolpistei, eskura zituzten arma xumeekin eta antolakuntza eskasarekin. Borrokaldi gogorrak egon ziren hiriko hainbat lekutan, eta horren froga dira eraikin historiko batzuetan dauden bala zuloak.
Espainiako Estatuan 1936ko uztailaren 17an eta 18an egin zuten estatu kolpe saiakera Francisco Francok, Emilio Molak eta Jose Sanjurjok, baina uztailaren 20ra arte ez ziren heldu Donostiara. Iñaki Egaña historialariak azaldu duenez, Loiolako kuarteletako Jose Vallespin teniente-koronela eta Leon Carrasco gobernadore militarra izan ziren Donostiako erasoa zuzendu zutenak. Egañaren arabera, hiria azkar hartuko zutela pentsatzen zuten: “Kolpisten ustez, Iruñea eta Gasteiz berehala geldituko ziren matxinatuen esku, eta Donostia ere pare bat egunetan. Beraz, hemendik prestatuko zuten Bilboko erasoa. Donostian, ordea, espero ez zuten egoera eman zen”.
Izan ere, Larramendi kaletik sartu ziren militar matxinatuak, eta herritarrek han egin zieten aurre, eskura zituzten armekin eta etxean egindako koktelekin. Koldo Mitxelenako Erresistentzia eta duintasuna erakusketako antolatzaileek, Aitzol Arroyo historialariak eta Aitor Azurki kazetariak azaldu dutenez, CNT sindikatuko anarkistak izan ziren lehen erresistentzia fronte horretako buruak, komunista, sozialista eta ANVko kide batzuen laguntzarekin. Erresistentzia “gogorra eta duintasun handikoa” egin zutela azpimarratu du Arroyok. Gainera, alde batekoek eta bestekoek baliabide aldetik zituzten desberdintasunak nabarmendu ditu: “Militarrak leporaino armatuta zeuden, eta herritarrek pistola bakan batzuk eta ehiza eskopeta batzuk zituzten. Prestakuntza aldetik ere, militarrak oso formatuta zeuden, eta herritar askok gerran ikasi zuten pistola bat kargatzen”.
Lehen eraso hori gelditzea lortu zuen erresistentziak, eta kolpistak hiriko eraikin esanguratsuenetan sartu ziren; Maria Kristina hotelean, Nautikoan, Ijentea kaleko Komandantzia Militarrean eta Gran Kasinoan (egungo udaletxea), hain zuzen. Azurkik azaldu duenez, errepublikaren aldekoek han setiatu zituzten kolpistak eta “hildako pilo bat” egon ziren. Horren isla dira, Azurkiren esanetan, udaletxean eta beste eraikin batzuetan dauden bala zuloak: “Ikusi besterik ez dugu nola dagoen udaletxea balaz josia; horrek esan nahi du erresistentzia hertsia egon zela”. Eraikin horiek berreskuratu eta arma hobeak lortu ondoren, Loiolako kuartelen setioa hasi zuten errepublikanoek.
Kuartelen inguruko mendietatik setiatu zituzten militarrak; Ametzagañan, esaterako, kanoi bat zuten errepublikanoek, Azurkiren arabera. Bestalde, Egañak azaldu duenez, borrokaldi batzuk egon ziren Polloe hilerrian eta kuartelen inguruko zonaldeetan. Egañak azaldu duenez, kuartelak bonbardatzeko aukera planteatu zuten errepublikanoek, baina han soldaduska egiten ari ziren donostiar eta gipuzkoar asko zeudenez, ez bonbardatzeko erabakia hartu zuten. Horren ordez, gerra psikologiko modura, amore emateko esaten zuten panfletoak bota zizkieten hegazkin batetik. Uztailaren 28an kolpistek amore eman zuten, baina Vallespinek bezperan ihes egitea lortu zuen.
Donostia errepublikanoen esku gelditu zen irailaren erdialdera arte. Mirakruz kaletik sartu ziren matxinatuak hirira orduan, mugako frontea irabazi ondoren, eta, orduan bai, Donostia hartu zuten. Hiriak gutxi iraun zuela pentsatuko duenik egongo da, baina erresistentzia donostiarraren meritua azpimarratu du Arroyok: “Ez da gutxiestekoa militar batzuen kontra ia bi hilabete aguantatzea, munizio, arma eta prestakuntza faltarekin. Beste leku batzuetan 100 kilometro hartzen zituzten bost egunean. Hemen, aldiz, 20 kilometro hartzeko ia bi hilabete behar izan zituzten”.
Erresistentzia eta duintasuna erakusketan Gipuzkoako gerran aritu ziren pertsonen izenak bildu dituzte; 12.000 inguru. Aipatzekoa da horietatik 1.300 inguru donostiarrak zirela. Bestalde, Egañaren arabera, 6.000 donostiar inguru borrokatu ziren 36ko gerran, bando errepublikanoaren talde desberdinetan. Fusilatuei dagokienez, hiria kolpisten esku gelditu zenean, 400 bat pertsona izan ziren exekutatuak Donostian.
Kartzela, fusilamenduak eta ihesa
Donostiaren defentsan ari ziren bitartean, hainbat kolpista hartu zituzten preso errepublikanoek, Leon Carrasco, besteak beste. Gipuzkoa plazan aldundiak duen eraikinean sartu zuten preso, baina uztailaren 28an miliziano batzuek indarrez atera zuten, eta Burdinazko zubiaren inguruan fusilatu zuten. Izan ere, Pasealeku Berria eta Burdinazko zubia ziren errepublikanoek fusilamenduak egiteko erabiltzen zituzten leku nagusiak. Bestalde, Egañaren arabera, 200 bat kolpista sartu zituzten preso Kursaalean, garaiko zinema aretoan.
Abuztuaren bukaeran, ordea, mugako frontea erortzear zegoenean, Donostiako herritarren ebakuazioari ekin zion Gerra Batzordeak. Egañak azaldu duenez, Igeldotik Oriora doan errepidea eraiki zuten orduan, jendea Bilbo aldera joan ahal izateko. Izan ere, ordurako hartuta zegoen Usurbilgo zonaldea. Horrela, donostiarren erdiak baino gehiagok alde egin zuela azpimarratu du Egañak: “Donostiako populazioa 80.000 pertsonakoa zen garai hartan, eta 45.000k alde egin zuten; autoz, oinez edo txalupaz”. Azken medio hori nabarmendu du Arroyok, Donostiako gerrako gune nagusiak aipatzean kaia ere aipatu baitu: “Ez zen fronterik egon, baina kairik gabe Donostiak ezin izango zuen horrenbeste jende ebakuatu. Kaiak bizitza asko salbatu zituen”.
Donostia frankisten esku gelditu zenean, hainbat lekutan fusilatu zituzten preso errepublikanoak, Uliako azken biribilgunean eta Bidebietako Allende parkean, besteak beste.
Beste leku batzuetan exekutatu gehienak sozialistak, komunistak eta anarkistak izan ziren bitartean, Donostian jeltzaleak izan ziren, Egañaren arabera. Historialariak azaldu duenez, EAJko miliziak ez ziren frontean egon estatutua onartu zen arte, beraz, alderdikide batzuk kenduta, ez zuten parte hartu Donostiako fronteetan. Horregatik, hirian gelditzea erabaki zuten, baina errepresio bortitza jasan zuten.