Izen-abizenak dituen gerra bat
Historia ez dute liburuek soilik kontatzen, etxeetan gordetako istorioek ere kontatzen dute. 36ko gerran borrokatu ziren askoren senideek istorioak ahaztu egin dituzte, baina beste askok memoria bizirik mantendu dute.
Maritxu Berasaluze billabonatarrak, ia 90 urte dituela, ondo gogoratzen du haurra zenean nola joaten zen Ondarretako kartzelara bere aita Benito Berasaluze Olano bisitatzera, baita herrira itzuli zeneko eguna ere. Etxean gordeta egon den istorio horietako bat da berea.
1897an jaioa, Berasaluze ezkerreko mugimenduetan militatzen hasi zen gaztetan, eta alderdi errepublikanoko kidea zen 36ko gerra hasi zenean. Maritxuk 6 urte zituela joan zen aita gerrara. Aita gerrara joan ondoren, Maria Zaldua amak ez zuela bere berririk izan denbora luzez kontatu du Maritxuk. Izan ere, ezin zuen etxera idatzi, bestela kolpistek non zegoen jakingo zutelako. Maritxu eta bere ama garaiko alkatearengana joan ziren behin, aita non zegoen esango zielakoan. Maritxuk nahiago du alkatearen izena ez gogoratu, beraiekin oso gaizki portatu baitzen, eta “gizon gaizto bat” zela dio. Azaldu duenez, gizon horrek esan zien aita Santanderren zebilela eta kapitain izendatu zutela. Hala zen, Karl Marx batailoiko kapitaina izan baitzen Berasaluze. Villabonatik alde egin ondoren, Bilbon, Santanderren eta Asturiasen borrokatu zuen, frankistek Moredan (Asturias) atxilotu zuten arte.
Maritxuren arabera, espetxean zegoenean hasi zen aita eskutitzak etxera bidaltzen: “Orduan hasi zen idazten, nahiz eta ezin zuen nahi zuen guztia idatzi, noski. Amak idazten zionean, gizon gaizto horrengana joan behar zuen eskutitza bidaltzera”. Bederatzi kartzelatan egon zen Berasaluze: Moreda (Asturias), Villamanin (Leon), Valencia de Don Juan (Leon), San Marcos (Leon), Modelo (Burgos), Valdenoceda (Burgos), Tabacalera (Bilbo), Larrinaga (Bilbo) eta azkena Ondarretakoa, Donostian. Heriotza zigorra ezarri zioten hasiera batean, baina hamabi urteko kartzela zigorra izan zen behin betiko kondena.
Bere alabaren arabera, San Marcos kartzelan oso gaizki pasa zuen Berasaluzek: “San Marcosen oso gaizki egon zirela gogoratzen zuen, jipoi handiak ematen zizkietelako. Bere lagun Nicolas Retenagak han jaso zuen jipoiak asko markatu zuen”. Bestalde, Ondarretako kartzelara eraman zutenean, bere anaia Javier eta bera herriko mandatariarekin bisitan joaten hasi zirela gogoratu du ilusioz Maritxuk: “Ama gaixorik zegoen, eta Javier eta biok joaten ginen Ondarretara bisitan. Patio batera sartzeko pareta handi bat eta garita bat zegoen, eta han itxaroten genuen denok. Benito Berasaluze izena esaten zutenean nire anaia joaten zen sinatzera, eta txirrina jotzen zutenean denok korrika joaten ginen areto batera. Han zeuden preso guztiak, barrote eta alanbre batzuen atzean, poliziaz inguraturik”. Ondo gogoratzen du Maritxuk aita ikusi ahal izateko nola laguntzen zion bere anaiak: “Kartzelako barroteak altu zeuden eta ni ez nintzen aita ikustera iristen, baxua nintzelako; anaiak ipurditik bultzatuz altxatzen ninduen”. Gainera, aitarekin komunikatzea zaila zela aipatu du Maritxuk: “Ez genuen esaten zuen erdia ere entzuten, preso guztiak batera hitz egiten ari zirelako. Hamar minutu inguru egoten ginen berarekin, eta bisitarako denbora bukatzen zenean agur esaten genion, baina gaztelaniaz, ezin zelako euskaraz hitz egin”.
Aita kartzelan zegoen bitartean zailtasun ekonomiko handiak izan zituen Berasaluze Zaldua familiak, eta karlistek kontrolatutako laguntza sozialean jaten zutela azaldu du Maritxuk, bando frankistakoen seme-alabek kanpotik iseka egiten zieten bitartean. Bere anaia Javierrek berak baino lau urte gehiago zituenez, ezin zuen hara jatera joan, baina horrenbesteko gosea pasatzen zuten, bazkaltzeko ogia ezkutuan eramaten ziola Maritxuk.
Gerra bukatu zenean, 1939an, herrian jendea “oso pozik” jarri zela azaldu du Maritxuk, baina bera ez zegoela pozik oraindik: “Kanpai hotsak egon ziren herrian. Jendea oso pozik jarri zen, baina guretzat ez zen amaitu, aita kartzelan zegoelako”.
1936an gerrara joan zenetik bost urte pasa zirenean, 1941ean, Berasaluzek baldintzapeko askatasuna eskuratu zuen, eta horrela gogoratzen du Maritxuk bere aita herrira itzuli zeneko eguna: “Aita bazetorrela, aita bazetorrela… Bizilagun guztiak atarira atera ziren. Tranbia gure atariaren aurrean gelditzen zen garai hartan, eta iritsi zenean korrika atera nintzen beregana. Kanpaina guztian zehar erabili zuen manta zeraman sorbaldan. Hiztegi txiki bat eta kartzelan niretzako eskuz egindako egurrezko kutxa bat ere ekarri zituen”.
Hiztegia, kutxa eta manta horren zati bat ikusgai daude Koldo Mitxelenako Erresistentzia eta duintasuna erakusketan. Aitak kutxa hori nola egin zuen kontatu ziola gogoratu du Maritxuk: “Kartzelan ez zizkieten labanak uzten, noski, baina kartzelako erizainek anpoilak irekitzeko laban txiki horiek ematen zizkieten ezkutuan, eta horrekin egin zidan kaxa hori”.
Kartzelatik atera zenean lana aurkitzeko zailtasunak zituenez, Guadalajarara joan zen hango paper-fabrika batean lan egitera, eta han egon zen hamar urtez. “Gabonetan eta horrelako egunetan soilik etortzen zen; a ze ilusioa!”, adierazi du Maritxuk.
Erretiroa hartu zuenean itzuli zen Berasaluze behin betiko Villabonara. Gerraren inguruan galdetzen ziotenean, “zertarako jakin nahi duzu hori?”, esaten zuela gogoratu du alabak. Gerra osteko azken bitxikeria bat kontatu du Maritxuk: “Bere lagun batek kolpisten aurrean traizionatu zuela jakin zuen aitak. Egun batean, lagun hori etxera etorri zen barkamen eske, eta aitak barkatu zion. Nire anaiari eta niri barkatzen irakatsi zigun; ‘barkatu behar da, baina ez ahaztu’, esaten zigun”.
Santiago Caballeroren istorioa
Gertatutakoa ahaztu nahian edo, familian itzalpean egon den istorio horietako bat da Santiago Caballero Garciarena. Bere iloba Iñaki Caballerori esker, ordea, ez da Santiagoren memoria galdu.
Salamancan jaioa, 6 urterekin etorri zen Caballero Donostiara. 19 urte zituela hasi zen UGT sindikatuan eta PCEn militatzen, eta 36ko gerra piztu zenean bere konpromiso politikoa erakutsi zuen, milizia errepublikanoetan izena emanez. 1936ko irailean, ordea, Irungo Nazioarteko zubian balaz zauritu zuten ezkerreko besoan, eta Kataluniara ihes egin zuen bere gurasoekin eta bere bost arrebekin. Bere iloba Iñaki Caballerok azaldu duenez, osabak ez zuen hortaz asko hitz egiten, baina familiak gerora jakin zuen han PSUC eta POUM alderdiekin harremana izan zuela. Kolpistak Bartzelonara sartzear zeudenean, Frantziara ihes egin zuen Caballerok bere familiarekin, eta han Txilera joateko proposamena egin zion PCEk. Familian gai horietaz hitz egiten ez zenaren seinale da Santiago Caballero ilobak berriki izan duela Txileko kontuaren berri, Koldo Mitxelenako erakusketarako dokumentazioa biltzen ari zirenean.
Bere familia ere Txilera joateko baldintza jarri zion Caballerok alderdiari, baina ukatu egin zioten, eta, gerra bukatu zenean, Donostiara itzultzeko erabakia hartu zuen. Alderdi Komunistaren Tokiko Batzordeko idazkari nagusia izan zen orduan, eta makiarekin ere harremanak izan zituen. 1944an, ordea, atxilotu egin zuten, eta sei kartzelatan egon zen: Ondarreta, DGS (Madril), Alcala de Henares (Madril), Carabanchel (Madril), Porlier (Madril) eta Burgosko penalean. Heriotza zigorra ezarri zioten hasieran, baina 30 urteko kartzela zigorra izan zen behin betiko kondena. Azkenean, 16 urte pasa zituen kartzelan, gehienak Burgosko espetxean. Bitxikeria bat gogoratu du Santiagok horren harira: “Nik urtebete edo bi urte izango nituela, Burgosko kartzelara joan ginen bisitan, eta lo gelditu omen nintzen bere ziegako kamainan. Nire aitak modu klandestinoan sartutako kamera batekin argazki bat egin zidan, baina ez dakit zer gertatu den argazki horrekin”.
1958ko abuztuan itzuli zen Donostiara, eta Iñakiren arabera, “nahiko bizitza normala” eraman zuen. Bizitza “normal” horren barruan, urtero Franco Donostiara uda pasatzera etortzen zenean gertatzen zena gogoratu du Iñakik: “Osaba kartzelan sartzen zuten, baina berak hotelera zihoala esaten zuen. Poliziak bere etxeko atea jotzen zuen, eta Martuteneko kartzelara eramaten zuten. 12 urte inguru izan nituen arte, benetan hotel batera zihoala sinesten nuen”, gogoratu du Iñakik barre artean. Santiago iloba ere, haur bat zen heinean, ez zen gertatzen zenaz jabetzen, eta jakin zuen osabaren etxera bisitan joaten ez zirenean kartzelan zegoelako zela. Iñakik azaldu duenez, osabak normaltasun osoz bizi zuen «hotelera» joan behar izatea: “Ez zegoen dramarik ezta kexurik, eta guztiz barneratuta zuen”.
Caballeroren arreben artean, “bere gauzetaz soilik” arduratu zenaren sentsazioa zegoen, Iñakiren arabera. Izan ere, familiak ekonomikoki gaizki pasa zuen Caballero kartzelan egon zen bitartean, eta ama hil egin zen bera kartzelatik atera baino lehen. Horregatik, hein batean bere arreben sufrimenduagatik errudun sentitzen zela deritzo Santiagok: “Osaba era batera edo bestera errudun sentitzen zen bere arrebek jasan zuten sufrimendu guztiagatik”.
Gerra eta kartzela garaiko gauzetaz asko hitz egiten ez bazuen ere, gorrotorik ez zuela nabarmendu du Santiagok: “Ez dakit berak barruan sufrimendua eramango zuen, baina oso gizon alaia zen, eta ez zuen sufrimendurik azaleratzen”. “Ez zuen inoiz garai haietaz gorrotoz hitz egiten”, gehitu du Iñakik. Oso alaia bazen ere, Francoren inguruko zerbait entzuten zuenean haserretzen zela aipatu du Iñakik, bere izeba Pepak kaira Franco ikustera eraman zuenekoa gogoratuz: “‘Nola eraman duzu haurra Franco ikustera?’, esan zion osabak haserre”.
1977an, alderdi komunista legeztatu zutenean, berriz afiliatu zen, eta hil zen egunera arte bere ideia komunistei eta antiklerikalei fidel agertu zen. Iñakik azaldu duenez, Sobietar Batasuneko ereduaren aldekoa zen eta “oso kritikoa” zen Santiago Carrillo PCEko idazkari nagusiarekin eta eurokomunismoarekin.
Hala ere, familiaren aurrean politikaz hitz egiten zuenean, gutxitan bazen ere, “zertarako balio izan dizu politikak?” esanez mozten zioten bere arrebek; sufrimendu handiko garai bat izan zenaren seinale.