Santa Klara uharteko itsasargia husteko lanak hasi dituzte
Astelehenean hasiko dira Santa Klara uharteko itsasargia hustutzen, barruan Cristina Iglesiasen eskultura jartzeko. Hain zuzen ere, han izan da gaur Iglesias ordezkari politikoekin batera. Han izan dira, besteak beste, Eneko Goia alkatea eta Denis Itxaso Gipuzkoako Aldundiko Kultura diputatua.
Hiru hilabete iraungo dute hustuketa lanek, Goiak adierazi duenez. Hustu ondoren egituraren sendotzeari ekingo diote. Lan horiek bukatuta, behin betiko eraikuntza egingo da, Iglesias sortzen ari den eskultura barruan kokatua izan dadin.
“Lan guztia ahalik eta arreta eta zuhurtzia gehienarekin egingo da, uharteari ahalik eta eraginik txikiena sortzeko. Horretarako, obra-hondakinak tratatzeko proiektua egina dago”, azaldu du Goiak. Bestalde, Iglesias pozik agertu da obrari hasiera eman diotelako. Bere lanak garrantzia emango dio “betiko uharteari”, nabarmendu duenez.