"Sektorea duindu behar da, lana debalde egitea nahi dute"
Zaintzarako lan-baldintza duinak aldarrikatuz, 118. greba eguna beteko dute Gipuzkoako zahar etxeetako langileek urriaren 18an. Zinemaldiaren fokuak baliatuta, Zaintzaldia egin dute Saguesen: erakundeek sektorea feminizatuta eta ikusezin mantendu nahi dutela salatu dute Ana Sastrek, Txara II egoitzako langileak eta Aintzane Orbegozok, ELA sindikatuko ordezkariak. Klitto!-ko Ana Iruretagoyenak elkarrizketatu ditu.
Aurtengo Zinemaldian, Kursaaleko alfonbra gorritik gertu, esan liteke alfonbra more bat ere izan dela Saguesen. Zer argazkirekin gelditzen zarete?
Ana Sastre (A.S.): Gure borrokak izan duen oihartzun handiarekin. Mundu guztiak elkartasuna adierazi digu. Ken Loach zinemagilea Saguesera gerturatu da gurekin egotera, babesa adierazi digu eta, gainera, saria jasotzeko hitzaldian aipatu gaitu. Eskertzekoa da.
Zaintzaldia martxan jartzeko trabak ere salatu dituzue.
Aintzane Orbegozo (A.O.): Udalari baimena eskatu behar zaio karpa jartzeko eta, Zinemaldiaren aitzakiarekin, espazioak ukatu dizkigute. Zortzi toki ezberdin eskatzera iritsi gara: azkenean Saguesen utzi ziguten. Ulertzen dugu ahalik eta urrutien jarri izan nahi gaituztela, zeren eta eskatutako leku horietan ez da ezertxo ere egon.
Zahar etxeetako langileek, emakume prekario modura, zuen pelikula kontatu nahi zenutela iragarri zenuten. Zein da pelikula hori?
A.S.: Bizi dugun prekarietatea. Ikusgarritasuna eman nahi diogu eta erakundeei eskatu egin dezatela egin beharrekoa, zerbitzuari kalitatea emateko. Lan egiterako orduan, kronometro batekin gabiltza eta ez da nahikoa, langile gehiago behar dira.
Gipuzkoako Foru Aldundiari zuzendu zarete. Zenbaterainokoa da bere ardura zuen lan baldintzekiko?
A.O.: Zerbitzua publikoa da, eta Gipuzkoako oheen 90% itunpekoak dira. Ondorioz, diru publikoaren eta zerbitzuaren funtzionamenduaren azken arduraduna da aldundia.
Zahar etxe gehienak itunpekoak izateaz gain, sektore feminizatu batez ari gara eta, gainera, ikusezin bihurtutako lan jarduera batez. Uste duzue faktore horiek badutela eragina lan gatazka luzatzean?
A.O.: Badakigu zerbitzu hauek azpikontratatzearen arrazoi nagusia dela langileak emakumeak izatea eta, lana bera, pertsona zaharrak zaintzea. Gizonezkoen beste sektore pribatizatuekin alderatzen badugu hau, soldata arrakala 30% da. 6.000 euro gutxiago kobratzen dute kategoria bera duten zahar etxeetako langileek. Honen oinarrian dago emakumeak direla, eta zaintza lanak egiten dituztela; hau da, lehen ordaintzen ez ziren lanak egiten jarraitzen dutela.
Urtebete daramazue mobilizazioetan, 118 egun egingo dituzue greban. Zer itxura hartzen diozue urriaren 18ari?
A.O.: Aldundia bere ardurari uko egiten saiatzen ari da: joan den urte amaieran ordezkaritza handiena duten bi patronalek eta ELA Sindikatuak lortu genuen akordioa eta, Aldundira jo genuenean, ukatu egin zuen. Akordio bat egon da, baina Diputazioak ez du diruarekin babestu nahi izan. Nahiko genukeena da hitzarmen hori balioestea eta egikaritzea.
Irailaren hasieran, Eusko Jaurlaritzak martxan jarri zuen sektorea arautzen duen dekretu berria. Eredu «publiko-pribatua» goraipatzen dutenean, zer pentsatzen duzue?
A.S.: Zifrak apaintzen dituzte eta, egoera ezagutzen ez baduzu, badirudi zerbait hobetu dela, baina jasotzen dena xehatzen baduzu, ikusten da 1998ko arauko ratioak baino okerragoak direla: dekretu berriak zaintza ordu gutxiago ezartzen ditu egoiliar bakoitzeko.
A.O.: Propaganda egiten dute inork ulertzen ez dituen hitzekin. Zuriketa hutsa da, martxoaren 8an bezala: diote emakume eta gizonen arteko berdintasunaren alde daudela, baina egunerokoan ikusten dugu esaten dutenaren kontrako norabidean doazen politikak egiten dituztela.
Uste duzue egon daitekeela intentzionalitate jakin bat, zaintzaren sektorea ikusgarritasunetik urrun mantentzeko?
A.S.: Bai, noski. Aldundiak ongi daki nolako lan baldintza prekarioak dauzkagun, baina ez zaie interesatzen hau konpontzea. Interesatzen zaien gauza bakarra da azpikontratatu dituzten enpresek dirua egiten jarraitzea. Zerbitzuaren kalitatea ez dute neurtu nahi.
Zer ondorio ditu itunpeko sistema indartzeak?
A.O.: Atzera-pausoa da zuzen-zuzenean. Ratioak hobetzeko eskatzen dugu, ez bakarrik sindikatuok, baita egoiliarren familiek eta erizainek ere.
Eta zuen zaintza behar duten pertsonentzako?
A.S.: Ezin ditugu egoiliarrak merezi eta behar duten bezala artatu. Beti diogu: ez dugu torlojuekin lan egiten, pertsonekin lan egiten dugu. Korrika egin behar dugu lan, 15 minutu izaten ditugu egoiliarra esnatu, altxatu, jantzi, eta orraztuta gosaltzera eramateko. Esfortzu fisikoa etengabea da, eta kronometroarekin lan eginez, are gogorragoa.
A.O.: Gipuzkoan, zuzenean egoiliarrari egunean eskaintzen zaion denbora ordu eta erdi da. Egun osoan: altxatu, dutxatu, jantzi, gosaldu, bazkaldu… dena gehituta, ordu eta erdi. Guk aldarrikatzen duguna da, gutxienez, bi orduko arreta.
Bizkaian, duela bi urte ospatu zuten zahar etxeetako langileek hitzarmena sinatzea lortu zutela, 370 greba egunen ondoren. Zer du antzekotik eta ezberdinetik Gipuzkoako gatazkak?
A.S.: Aldarrikapenak berak dira: zerbitzua hobetzea, ratioak hobetzea…
A.O.: Bi gatazken oinarrian aipatutako elementuak daude: pribatizatutako sektorea, zaintza, emakumeak… han ere antolatu ziren eta greba luzea izan zuten. Bizkaian zentro gehiago daude guztiz pribatuak direnak, patronalari dagokionez alda liteke pixka bat, baina borrokaren oinarria bera da.
Giza eskubideen zinemaldian ikusiko dugu Zaintzaldiaren bigarren edizioa?
A.S.: Fuerte gaude bukaeraraino heltzeko. Hor izango gaituzte, lortu arte. Jendeak ezagutu behar du gatazka hau. Sektorea duindu behar da. Lana debalde egitea nahi dute, eta ez. Zaintza benetako lana da eta hala baloratzea nahi dugu.
A.O.: Ez dakit Zaintzaldia izango den ala beste formatu bat izango duen, baina argi dago jarraitu behar dugula, eta sozializazioak garrantzia handia duela gatazka honetan. Eusko Jaurlaritza eta Aldundiak superabitarekin daude, beraz, dirua egon, badago. Kontua da nora bideratzen den.