Euskara ikasleentzako 'Donostia' hiriko gida aurkeztu dute
Liburua Nerea Azurmendi kazetariaren eta Asisko Urmeneta eta Dom Campistron ilustratzaileen elkarlanetik jaio da. Elkar argitaletxeak argitaratu du, Arian irakurgai mailakatuen bilduman, beste sei euskal hiriburuetako gidekin batera.
Nerea Azurmendi kazetariak eta Asisko Urmeneta ilustratzaileak euskara ikasleentzako Donostia gida liburua aurkeztu dute San Jeronimo kaleko kriptan. Liburua Elkar argitaletxeak argitaratu du Donostiako Udalaren laguntzarekin, eta Arian irakurgai mailakatuen bildumako parte da. Hain zuzen, euskarazko B1 mailako ikasleentzako diseinatu dute.
Euskara ikasten laguntzeaz gain, Donostia ikuspegi berrietatik aurkeztea bilatu du Azurmendik bere testuekin. Izan ere, “Donostiaren osaketa ulertzeko balio duten leku ezagunen istorio ez horren ezagunak” bildu dituela azaldu du kazetariak. Bere hitzetan, “liburua suitzar labana baten modukoa da, horren txikia izanik, gauza askotarako balio duena”.
Testuez gain, liburuak Urmenetaren hainbat ilustrazio ditu, hiriko euskaltegiak kokatzen dituen mapa batekin batera. Marrazkilari iruñarrak Dom Campistron ilustratzaile aldudarraren laguntza izan du irudiak koloreztatzeko. Prentsaurrekoan, Urmenetak bere lanaren aurkezpena egin du, liburuan txertatu duen hiriko mapa erreproduzituz.
Aurkezpen ekitaldian, egileekin batera izan dira Elkarreko Jone Dorronsoro eta Jon Insausti Euskara zinegotzia. Gainerako hiriburuen gidak Durangoko azokan aurkeztuko dituzte.