Feminismoen hainbat alderdi izango dituzte hizpide San Telmo Museoan
Feminismoen inguruko jardunaldiak antolatu dituzte aste honetarako San Telmo Museoan. Bihar, hilaren 8an, hasiko dira eta ostiralean bukatu. Guztira, hiru hitzaldi eta mahai-inguru bat antolatu dituzte.
Maria Angeles Duran soziologoak irekiko ditu jardunaldiak bihar, ¿Como queremos cuidar? hitzaldiarekin. 19:00etan hasiko da, eta Duranek lanen errealitateak azaldu eta zaintza lanen analisia egingo du, ikuspegi feministatik. Duran soziologian katedraduna eta ikertzailea da. Bere doktore tesia, El trabajo de las mujeres (1971), feminismo akademikoaren abiapuntua izan zen Espainiako Estatuan. Soziologia ekonomikoaren, denboraren erabileraren eta emakumeen gizarte posizionamenduaren inguruko ehun bat ikerketa argitaratu ditu. 2018an Soziologia eta Zientzia Politikoen Sari Nazionala jaso zuen.
Asteazkenean, hilaren 9an, Feminicidio: memorias de un concepto hitzaldia egingo du Carmen Adanek. 19:00etan izango da hau ere, eta emakumeenganako indarkeriaren inguruan historikoki izan den isiltasuna injustizia epistemiko gisa jorratuko du Adanek. Filosofian doktorea, entsegugilea eta galiziar politikaria, baita genero indarkeriaren tratamendu eta prebentziorako galiziar legeren sortzailea ere. Egun, Vigoko DBHko Politeknikoan Filosofiako katedraduna da, eta Consello da Cultura Galegaren Pensamento atala koordinatzen du.
Hilaren 10ean, Feminismo y marxismo, ideas que cambiaron nuestro mundo hitzaldia egingo du Ana de Miguelek, 19:00etan. Honela azaldu dute antolatzaileek De Miguelen hitzaldiaren gaia: “Ilustrazioak gizaki guztien arteko berdintasun ontologikoa ezarri zuen. Baina ideia hau gauzatu zedin dena zegoen egiteko. Feminismoak eta sozialismoak bat egin zuten gizarte berri baten, mentalitate berri baten oinarriak ezartzeko. Hitzaldian bi paradigma filosofiko handi horien iragana eta etorkizuna aztertuko dira: bere sustrai komunak, bere kontraesanak eta egungo erronkak”.
Ostiralean, jardunaldiak amaitzeko, Mujer y poder mahai-ingurua egingo dute Ana de Miguelek, Carmen Diez antropologoak eta Concha Roldan filosofo feministak EHUko Carlos Santamaria zentroko irakaskuntzarako tailerrean. “Celia Amorosen eta Teresa del Valleren omenez” antolatu dute, eta Celia Amoros irakasleak zuzendutako Mujer y poder ikerketa proiektuari buruzko saioa izango da. Ikerketan feminismoaren kontzeptualizaziorako eta bere alderdi antropologiko, etiko eta politikorako ekarpen garrantzitsuak egin zituzten. Lanaren testuingurua azaltzeaz gain, planteamendu horiek gaur egun, 30 urte beranduago, duten egunerokotasuna aztertuko dute.