Sendagileen Elkargoak Urrezko Domina emango dio Onkologikoari
Gipuzkoako Sendagileen Elkargoak Sendagileen Eguna ospatuko du ostiralean, hilaren 11n. Urtero bezala, elkargoak omenaldia egingo die 70 urte bete dituzten sendagileei, baita urtero izendatutako Ohorezko Sendagileari ere. Egun berezia izango da, izan ere, apiriletik bere 120 urteurrena ospatzen ari da elkargoa, eta horren harira, bi Urrezko Domina banatzea adostu du Gobernu Batzordeak. Onkologikoak jasoko du bat, eta bestea, Diego Murillori emango diote, A.M.A. aseguru etxearen fundatzaileari, eta A.M.A Vida Fundazioko presidenteari.
Elkargoak azpimarratu du lehen dominaren oinarrian “medikuntzaren alde eta gipuzkoar guztien osasunaren alde” Onkologikoak egin duen lana dagoela, eta gogorarazi nahi izan du “sendagile talde baten ekimenez sortu zela Aldakoenean Institutu RadioKirurgikoa, minbiziaren hedapenak eragiten zien kezkagatik”. Zentro hori, gaur egun Miramonen dago, eta “zalantzarik gabe erreferente den zentroa da, bai medikuntzaren ikuspegitik, baita eskaintzen den arreta humanoarengatik ere”. Dominarekin zentroan lana egiten duten pertsona guztien lana balioan jarri nahi dute.
Ekitaldia 18:00etan izango da, eta Onkologikoari emandako saria Carlos Tamayok jasoko du, Kutxa Fundazioko presidenteak. Ekitaldiaren ostean, afaria egingo dute San Telmo Museoan.