Hiru distantzia izango ditu 15Klasikoak
Hilaren 20an izango da Donostiako Salto Systems 15Klasikoa, eta 3.000 korrikalari baino gehiago espero dituzte antolatzaileek. Hiru distantzien artean aukeratu dezake parte hartzaileek: 5, 10 eta 15 kilometro.
Behobia-Donostia prestatzeko aukera bikaina dela diote, erbi berdinek parte hartuko dutelako 15Klasikoan. Guztira, zazpi erbi egongo dira irteeran eta Behobian egingo diren erritmo berberak eramango dituzte lasterketa osoan zehar.
Orain arte izena eman dutenen artean, %30 emakumezkoak dira distantzia luzean, %39 10 kilometrotako lasterketan eta %58 distantzia motzean. “Gero eta gertuago dugu helburua. 2025. urtean parekotasuna lortu nahi dugu”, azpimarratu dute antolatzaileek. “Denontzat pentsatutako lasterketa izatea zen gure helburua, eta hiru distantziekin lortu dugula uste dugu”.
Irteera Madrilgo hiribidean kokatua egongo da eta helmuga, azken urteetan gertatu den bezala, Anoetako Miniestadioan. Gainera, aurten, Realaren Fundazioarekin lankidetzan haurrentzako gaztelu puzgarriak jarriko dituzte.
Ordutegiei dagokienez, 5 kilometroko proba 9:40ean abiatuko da, Rollers-ak 9:55ean, 10 kilometrokoak 10:30ean, mugikortasun murriztua dutenak 10:40ean, eta 15 kilometrokoak 11:00etan. Parte hartuko duten goi mailako lasterkari batzuen izenak ere aurreratu dituzte: Maitane Guerrero, Sara Alonso, Maite Arraiza, Lourdes Colomo, Saioa Arkonada, Izaro Rubio, Ander Sagarzazu, Xabier Lukin, Alvaro Calderon eta seguruenik Aratz Rodriguez ere.