Indartsu heldu dio urriari Bagera elkarteak, eta hainbat egitasmo jarri dituzte martxan
Udazkena gogoz hasi dute Bagera euskaltzaleen elkartean. Urrirako, hiru egitasmo berri antolatu dituzte, eta, gainera, ikasturte hasieran hasi ohi dituztenei ere heldu diete, esaterako, Mintzalaguna programari.
Alde batetik, elkartekoek euskarazko zinemaren aldeko apustua egin dute. Bagerako Zineforuma jarriko dute martxan, eta saioak hilean behin izango dira. Filmak proiektatuko dituzte, jatorrizko hizkuntzan euskarazko azpitituluekin, euskaraz sortu edo euskarara itzulitako pelikulak eskainiko dituzte, eta ondoren, solasaldia izango da. Lehenengoa urriaren 15ean, asteartean, eskainiko dute, 18:30ean Koldo Mitxelenan: Udako amodioa filma, hain zuzen, frantsesez, euskarazko azpitituluekin. Hona hemen filmaren sinopsia: “1971. Delphine baserritar neska gaztea Parisera doa familiaren menpetik ihes egin eta ekonomikoki emantzipatu nahi duelako. Carole paristarra Manuelekin bizi da hirian eta feminismoaren printzipioak defendatzen ditu sutsuki. Delphine eta Carolek elkar ezagutuko dute eta euren arteko amodio-historiak bizitza aldatuko die”.
Bestetik, mintzapraktika bultzatzeko helburuari heldu dio Bagerak beste behin. Kasu honetan, herritarrak hika erabiltzen trebatzeko egitasmoa antolatu dute: Hikalaguna. Astean behin elkartuko diren bikote edo hirukoteak bilatu nahi dituzte, mintzapraktika egiteko. Urriaren 15era arte izena eman behar da honako galdetegia betez, eta taldeak osatzeko bilera bat egingo dute Bageraren egoitzan, urriaren 24an, 19:00etan. “Dagoeneko erabiltzen baduzu, oinarritxo bat baduzu, edo ikasi nahi baduzu eman izena”, zabaldu dute mezua Bagerakoek.
Azkenik, Bikografiak proiektuaren beste saio bat egingo dute urriaren 17an. Oraingoan, gonbidatuak Haizea Nuñez abokatua eta militante feminista, eta Beñat Gaztelumendi bertsolaria izango dira. Gidari lanetan Lander Arbelaitz kazetaria arituko da. Bi parte hartzaileen biografien errepasoa izango da saioaren ardatza. Bakoitzaren alde publiko eta ezagunaz gain, euren bizitzen inguruan solas egitea da asmoa. Biografian hizkuntzekiko harremanak euren bizitzan izan duen bilakaerari arreta berezia eskainiko zaio: anekdotak, gertaera xelebreak, bizipenak, eta abar. Elkarrizketa informal horien bidez, hizkuntzak herritarren bizitza pertsonaletan eta eguneroko bizitzan duten isla jarri nahi dute agerian Bagerakoek.