Bizkotxo flana
OSAGAIAK
- 450 gramo azukre eta karamelua egiteko beharrezko azukrea.
- 1,5 litro esne.
- Kanela.
- 13 arrautza.
- 100 gramo irin.
PRESTAKETA
Lehenbizi, azukrea zartagin batean jarriko dugu eta su geldoan urtuko dugu, karamelua lortu arte. Karamelu hori moldean jarriko dugu.
Flana egiteko, litro eta erdi esne kanelarekin (gustuaren arabera) egosten jarriko dugu. Zortzi arrautza eta 250 gramo azukre nahastuko ditugu, eta esnea hozten utzi ondoren, dena nahastuko dugu. Iragazki batetik pasako dugu nahasketa, eta karameluaren gainean botako dugu.
Bizkotxoa egitea da hurrengo pausoa. Gelditzen zaizkigun bost arrautzen zuringoak eta gorringoak bananduko ditugu, eta 100 gramo azukrerekin nahastuko ditugu zuringoak eta beste 100 gramo azukrerekin gorringoak. Zuringoak elur-punturaino irabiatuko ditugu, eta gorringoekin nahastuko ditugu. Irina gehituko dugu, eta flanaren gainean botako dugu nahasketa guztia. Labea 180 gradutan jarriko dugu, eta Maria bainutan egosiko dugu postrea, 45 minutuz. Egun oso bat utziko dugu hozten, eta hurrengo egunean jateko prest egongo da. On egin!
“Oso tradizionala naiz, ogitarteko on bat ematen duten lekuan gustura egoten naiz”
Arantxa Zubillaga, Larre jatetxeko jabea
Noiztik daramazu Larre jatetxean?
1995ean ireki genuen, beraz, 24 urte daramatzagu, eta oso gustura gaude.
Zer janari mota ematen duzue?
Etxeko janaria, tradizionala. Kartarekin enkarguz soilik egiten dut lan, asteburuko menu batekin egiten dut lan gehien bat. 20 euro balio ditu menuak. Hasierako lau plater egoten dira, denentzako berdinak, edo nahiago duenak babarrunak eska ditzake, sakramentu guztiekin. Ondoren, bederatzi bigarren plater inguru izaten ditut aukeratzeko. Postrea eta edaria menuaren barruan egoten dira. Lan gehiena horrekin egiten dugu. Bazkariak ematen ditugu soilik.
Zer jende mota etortzen da?
Denetarik. Inguruko jendea etortzen da, batez ere; Hernanikoak, Donostiakoak, Lasartekoak…
Leku polita daukazu hemen, jende asko horregatik etorriko da, ezta?
Bai, herritik gertu dago, lasaia da, eta bista politak ditu.
Iaz entsalada bat egin zenigun eta aurten postrea. Datorren urtean bigarren platera egingo diguzu?
Agian bai [barreak]. Postre hau egin dut ez delako leku askotan ikusten, eta oso goxoa eta ikusgarria dela iruditzen zait. Gainera, postreak egitea gustatzen zait.
Gomendatuko zenuke Donostiako jatetxeren bat?
Ez gara hemendik asko ateratzen, baina ogitarteko zalea naizenez, Juantxo taberna esango dut. Oso tradizionala naiz, ogitarteko on bat ematen duten lekuan gustura egoten naiz.