Erika de Souza jokalaria fitxatu du Ibaeta Basketek
Erika de Souza pibot brasildarra fitxatu du Ibaeta Basketek, eta gaur goizean aurkeztu dute La Perla bainuetxearen kanpoaldean. Fitxaketarekin “oso pozik” agertu da de Souza, eta debuta egiteko “gogo handiz” dagoela adierazi du. Era berean, taldekideekin pozik dagoela nabarmendu du: “Taldekide batzuk ezagutzen ditut, badakit oso borrokalariak direla eta hori gustuko dut”. Bestalde, partidak ikustera joateko deia egin die zaleei: “Zaleak etortzea nahi dut, beraien babesarekin jokatzea oso gustuko dut, taldekideak bezain garrantzitsuak dira”. Zaragozan egin dezake debuta de Souzak, Mann-Filter taldearen aurka.
Kirol ibilbide luzeko jokalaria da 37 urteko pibota, eta Perfumerias Avenida taldetik iritsi da Ibaeta Basketera. Estatu Batuetako WNBA ligan jokatu du brasildarrak hamabi denboraldiz, 2002an txapeldunen eraztuna irabaziz. Euroligan ere jokatu du de Souzak, Universitat de Barcelona eta Ros Casares Valencia taldeetan, besteak beste. Bestalde, 2011n Euroliga irabazi zuen Perfumerias Avenida taldearekin, Espainiako Kopa zortzi aldiz irabazi du eta beste zortzi aldiz irabazi du Espainiako Liga. Brasilgo selekzioan ere jokatzen du 2002tik, eta hiru joko olinpiko eta lau munduko txapelketa jokatu ditu. Horren harira, Ibaeta Basketen denboraldi on bat egin nahi duela azpimarratu du brasildarrak, datorren urteko joko olinpikoetara iristeko.