Ernest Lluch kultur etxea prest dago bere ateak auzotarrei irekitzeko
Anoeta Estadioaren birmoldaketa lanen ondorioz urte eta erdiz itxita egon eta gero, Ernest Lluch Kultur Etxea urriaren 14an zabalduko dute, hainbat berrikuntzekin. Haurtxokoak eta Gaztelekuak, ordea, Ferrerias plazako behin-behineko egoitzan jarraituko dute 2021eko irailera arte.
Liburutegiak, areto nagusiak, erakusketa guneak eta ikastaro eta jarduerak egiteko bost gelak osatzen dute kultur etxe berria. Bere arduradunek eta ordezkari politikoek kazetariekin batera bisitatu dute goizean, eta hurrengo astelehenean, berriz, herritarrentzako zabalduko da.
Kultur etxe berriko liburutegia lehengo kokapen berean mantendu dute, goiko solairuan, 938 metro karratuko azalerarekin eta erabat itxuraldaturik. Bertan 38.995 dokumentu jarri dituzte herritarren eskura (liburuak, pelikulak, komikiak, musika diskoak, egunkari eta aldizkariak…), hainbat gunetan banaturik. Haurtxotekak, haur liburutegiak, gazte liburutegiak, helduentzako sekzioak eta Kazeta guneak euren lekua dute, eta badira zenbait espazio berri ere, hala nola, Komiteka, Espai Catalunya gunea, Amarauna argazki historikoen txokoa, Topagunea eta isiltasun gela, besteak beste.
Beheko solairuan, berriz, erakusketak jasotzeko espazio zabala sortu dute, eta baita 160 pertsonentzako lekua duen aretoa ere. Hor, era askotariko ekitaldi eta jarduerak egin ahal izango direla zehaztu du Iñaki Gabarainek, kultur etxeko zuzendariak, zinema proiekzioak ere egiteko balio duela azpimarratuz. Gainera, kultur etxeak bost gela ditu, bi solairuetan banaturik, herritarrentzako ikastaroak jasotzeko balioko dutenak. Horien artean, eskulan gela eta antzerki gela daude, besteak beste.
Anoeta estadioaren birmoldaketa lanak zirela eta, kultur etxea itxita egon da 2018ko otsailetik, eta bere zerbitzuak Arcco merkatalguneko azken solairura mugitu zituen udalak. Estadioko Haurtxokoa eta Gaztelekua ere lekuz aldatu zituzten, Ferrerias plazan jarritako barrakoietara. Orain, 1.500.000 euroko inbertsioari esker (Realak 1.100.000 euro ordaindu ditu eta udalak, berriz, 400.000), hirian erabiltzaile gehien dituen kultur etxea berriz zabalduko da astelehenean. Eneko Goia alkateak azaldu duenez, ordea, Haurtxokoak eta Gaztelekuak barrakoietan jarraituko dute, gutxienez 2021eko irailera arte.
Jarraian, Irutxuloko Hitzak kultur etxean eginiko argazkiekin ostatutako irudi bilduma: