Metroaren lanetan agindutako neurriak ez betetzea salatu du beste behin Satorralaiak
Donostiako Udalak aste honetan jakinarazi du San Martin kalea urtebetez moztuko dutela metroaren igarobidearen lanengatik. Satorralaia bizilagunen mugimenduak gertakaria salatu du, “proiektuan aurrikusitako neurriak ez betetzeagatik, eta hirigunean eragindako afekzioak areagotzeagatik”. Satorralaiakoak Metroaren Eraikuntza Proiektuaren Memoriaren 5.13.2.1 zatian oinarritu dira kritika egiteko, eta hori Mirakontxa eta Easo bitarteko zatiari dagokio. Proiektuaren arabera, Loiola kaleko eta Xabier Zubiri plazako arroilen lanak ezingo dira batera egin, hiriguneko errepideko zirkulazio orokorrean eraginik ez izateko. Halaber, idatzitakoak agintzen du Xabier Zubiri plazako arroila fase batean eraikiko dela, eta Loiola kalekoa beste fase batean.
Hiriko erdialdean Metroa eraikitzea “zentzugabekeriatzat” jo du Satorralaiak eta honako galdera bota dio Donostiako Udalari, argitaraturako ohar batean: “Zergatik uzten du proiektuan agindutako neurriak ez betetzea, Donostiako bizilagunen interesak eta ongizatea babestu ordez?”. Era berean, udal agintariek eta kudeatzaileek “hirian diharduten enpresa eraikitzaileen eta lobby ekonomikoen esanetara agertzen duten morrontza” salatzen dute.
Egitasmo berri bat
Satorralaiak iragarri du Alemanian sute-arriskuen prebentzioan aditua den Hans Heydemann ingeniaria Donostiara etorriko dela. Hain zuzen, Donostiako Metroaren tunelen segurtasunaren arloan, zein bidaiarien eta pertsona gutxituen ebakuaziorako baldintzen inguruan antzeman dituen araudi-urraketa larriei buruz landu duen txostena aurkezteko. Aditu alemaniarrak urriaren 22an, prentsaurreko bat egingo du, txostenaren berri emateko. Urriaren 23an, aldiz, 19:00etan Metroaren pasantea: tranpa hilgarria? hitzaldia egingo du Okendo Kultur Etxean, txostena jendaurrean aurkezteko.