"Musikarenak aurrera egiten ez badu, azkenean erotu egingo naiz"
Hamabost urte luze daramatza rap musika egiten, eta bere helburu guztiak beteta ikusi arte gogor lanean jarraitzeko asmo osoa dauka Joanes Unamunok. ‘El Negro’ ezizenarekin, Intxaurrondoko musikaria gero eta ezagunagoa egiten ari da Donostiako eta hiritik kanpoko eszenan.
Zergatik aukeratu duzu Sagasti taberna?
Gehienbat, une honetan jende gutxi dagoelako, eta nire aita ere hor dagoelako. Plazagizona da.
Zu ere plazan ordu asko egondakoa zara, ezta?
Bai, denbora asko pasa dut nire blokeko plazan, lagunekin batera. Urteak egon naiz larunbatetan izan ezik aste osoan zehar auzotik irten gabe. Hemen. Jaikitzen ginenetik oheratzen ginen arte.
Gaztaro guztia hemen igaro dut, baina 21 urterekin Soriara joan nintzen bizitzera. Galdategi batean lan egiteko mugitu nintzen lekuz, eta orain arte horretan aritu naiz, aitaren lagun baten fabrikan. Zazpi urtez egon naiz han, eta uztailean bueltatu nintzen.
Zer da egiten zenuena?
Txatarra galdatzen genuen metalezko totxoak egiteko. Ni labeetan egon nintzen hasieran, eta gero txatarra mugitzeko garabira igo ninduten.
Zazpi urte hauetan musika eta bideoak egiten jarraitu duzu, ordea.
Oso burugogorra naiz, musikarena aurrera atera behar dudalako. Bai ala bai. Astean egun bat eta erdi izaten nuen libre, eta tarte hori hona etorri eta gauzak egiteko erabiltzen nuen. Donostiara etortzen egun erdia joaten zitzaidan; beste erdia bideo bat egiten pasatzen nuen, eta, azkenik, Soriara bueltatzeko denbora ere behar nuen. Hori zen aukera bakarra.
Izan ere, niretzat, hau ez da zaletasun bat. Ez da hobby bat. Behar bat da. Egin behar dut, eta norbaitek egin behar du.
Egin zer?
Norbaitek gauzak ondo egin behar ditu. Eta nik ondo egiten dudala uste dut.
Nolatan hasi zinen raparekin?
Ba, ez dakit. Pentsatu izan dut, baina ez dakit zer esan. Urte asko dira jada. Agian zigortu egin ninduten eta idazten hasi nintzen. Ez dakit.
Txikitatik izan naiz rap zalea. Egun batean nigana iritsi zen eta betiko geratu da hor. Eta besteek egiten dutena horrenbeste ikusita, nik ere egin nahi izan nuen. Eta horretan hasi nintzen.
Zer kontatzeko?
Ez dut ezer berezirik kontatu nahi. Gauzak ondo egin nahi dut, besterik gabe. Asmoa ez da ere sekulako erokeriak kontatzea, ezta errima kontsonante edo asonanteak egitea ere. Ondo egin behar da, eta kito. Ez dago besterik.
Nahi izanez gero, Munduen Gerra kontatu dezakezu, baina astuna bazara, ez zaitu inork entzungo. Aldiz, ondo egiten baduzu, ohetik jaiki zarela, egun txar bat duzula eta plazara jaitsi zarela konta diezadakezu, eta diozun guztia gustura entzungo dut.
Hori da nik atsegin dudana. Eguneroko gauzez hitz egitea, pelikularik kontatu gabe. Nire bideo bat ikusterakoan entzungo duzuna orain nirekin hitz egiten entzungo duzunaren berdina da. Ez dut ezer puztu nahi.
Argi duzu musika zuretzat ez dela zaletasun bat, ofizio bat baizik.
Nire bizitza da, eta oraindik ez da nire ofizioa norbaitek hala nahi ez duelako. Lanari baino are ordu gehiago eskaintzen dizkiot musikari.
Eta nola daramazu hori?
[Haur batek deitu egiten du, urrunetik] Begira, hori nire semea da. Bizitzan gauza garrantzitsuak daude, eta horiek zaindu egin behar dituzu. Beste guztia gero dator. Hori bai, hortik aurrera, musikan zerbait egin nahi baduzu, buru-belarri jarri behar duzu horretan.
Nola daramadan, diozu? Ba, gaizki, denbora asko eskatzen didalako eta burua ere nekatu egiten delako. Baina argi dut hurrengo 40 urteetan ez dudala lanera eguneroko errutina batekin joan nahi. Nik ezin dut halako bizitza bat ulertu, eta horrela zorigaiztokoa izango nintzateke. Zorigaiztokoa naiz orain.
Underground king naiz, lanetik natorrelako. Bestela, soilik King izango nintzateke.
Zer da, baina, musika zuretzat?
Bizitza. Benetan. Musika nire bizitza da. Interesatzen ez zaidan zerbait kontatzen badidazu, ez dizut jaramonik egingo, baina abesti bat aipatzen badidazu, ziurrenik nire arreta izango duzu.
Egun txar bat dudanean ere, estudioan ordu batzuk pasa ostean, izugarri pozik ateratzen naiz kalera. Gauza gutxirekin egoten naiz gustura: semearekin, bikotekidearekin, lagunekin eta musikarekin.
Nolakoa da zure musika?
Buruan dauzkadan gauzak kontatzen ditut. Ez dut inorekin ondo geratzea bilatzen. Adibidez, ez dut euskarazko abesti bat egingo horrela euskal hiztunekin ondo geratzeko. Ni euskalduna naiz, eta euskararen aldekoa naiz, erabat. Baina nik egiten dudana hau da, eta ez dut inorengatik aldatuko.
Niri Piratek ez didate sekula deitu. Euskaraz abesten ez dudalako da? Nork daki. Baina nik hamabost urte daramatzat Donostian abesten, eta ez da gertatu. Badaude euskaraz abesten duten raperoak, noski. Norzzone aspalditik ezagutzen dut, eta egiten duena oso ona dela iruditzen zait. Baina beste batzuok bizi dugun egoerak min ematen dit ere, eta eztabaidak izan ditut horregatik.
Eta zergatik abestu gaztelaniaz?
Ulertu behar duzu nik musika lan gisa ikusten dudala, eta pentsatu beharreko lehen gauza da ea nora heldu nahi duzun. Euskaraz abesten badut, noraino iritsiko naiz? Euskal Herritik kanpo ez, ziurrenik. Nik harago heldu nahi dut, eta horretarako garrantzitsua da jendea zuk esaten duzun horrekin identifikatuta sentitzea. Gauzak erraztu behar dizkiezu, bidea egin eta etorkizunean galdategi batean lanean ez egoteko.
Hirian badaude, zure ustez, gauzak ondo egiten dituzten artista gehiago?
Badago jendea, noski. Donostiako eszena ondo ikusten dut, baina uste dut, orokorrean, lan gehiago egin beharko litzatekeela. Zu munduko onena izan zaitezke, baina gogor lan egiten ez baduzu, ez zara jendearengana iritsiko. Agian egundoko abestiak egiten dituzu, baina ongi grabatu eta Youtubera igotzen ez badituzu, nork entzungo ditu?
Zerbait lortu nahi duenak lan gehiago egin behar du. Hobby moduan egiten baduzu, ados, goza ezazu. Baina aurrera egin nahi baduzu, tematu egin behar zara, eta jendeak ikusi egin behar zaitu, izan Youtuben edo Instagramen. Gauzak horrela dira. Ikusten ez bazaituzte, honek ez du etorkizunik.
Gero eta ezagunagoa egiten ari zara. Nola ikusten duzu etorkizuna?
Gauzak ondo joatea espero dut. Nik fedea daukat, bestela aspaldi utziko nukeen. Hamabost urte daramatzat honetan eta ez dut deusik lortu. Baina nik hainbat gauza ditut buruan, eta gertatu daitezela nahi dut.
Jendeak entzun egiten nau, behintzat. Eta hori eskertzekoa da. Agian, kanpotik ikusita, gauzak ondo dihoazkidala iruditu daiteke. Baina ni ez nago ondo, nire ustez, oraindik ez dudalako ezer lortu. Hori horrela da.
Ideiak argi dauzkazu, behintzat.
Bizitza osoa jarraituko dut lanean, eta musikarenak aurrera egiten ez badu, azkenean erotu egingo naiz. Ziur nago, hori baita nik nahi dudana: lan egiteari uztea eta musikaz bizitzea.
Ez dut urrez gainezka egotea bilatzen, ezta nire bloke osoa erostea ere, baina bai bizitzeko haina izatea. Hori da musikari eskatzen diodan gutxienekoa. Eta hortik aurrera, dena da ongi etorria.
Zein proiektu duzu orain eskuen artean?
Bideo bat daukat eginda, baina oraindik ez dugu erabaki noiz zabalduko dugun. Horrez gain, disko bat grabatzeko asmoa dut, sei, zazpi edo zortzi abestirekin. Beldurra ematen dit, horrek hainbat hilabetez ezer atera gabe egotea eskatzen duelako. Eta nik orain ezin dut hori egin.
Baina diska aterako dut, hori ziurra da. Eta abestien bideoak ere egingo ditut, nire kide Ignacio Arrueren laguntzarekin. Bera oso buruargia da, ni ez bezala, eta ongi daki zein ate jo behar ditugun. Orain aurrera egitea tokatzen zaigu. Betiko moduan.
HAMABIETAN BERMUTA. Kaña eta olibak.
Non. Sagasti taberna (Intxaurrondo).
Prezioa: 3,70 euro.