Amara Berriko jai herrikoietako une hoberenak, iruditan
Asteburu paregabea pasa dute Amara Berriko auzotarrek, jai herrikoietan murgilduta. Joan den ostiralean bota zuen Super Xaguk jaien hasierako txupina, baina aurretik, hainbat jarduera programatu zituen jai batzordeak, esaterako, auzoko eskoletako haurrek mural bat margotu zuten urtero legez, eta ostegunean, Gazte Eguna ospatu zuten.
Ostiralean lehertu zen jaia Atano III.aren frontoiaren aparkalekuan, eta danborrada herrikoiak festa giroa zabaldu zuen auzoko kaleetatik. Ondoren, karaokearekin, Plan B taldearekin eta DJ Miau-ren musikarekin gozatzeko aukera izan zuten Amara Berrikoek. Larunbatean, ohi bezala, paella lehiaketa izan zen eguneko plater nagusia. Egitarau oparoa antolatu du aurten ere jai batzordeak, eta auzotarrek zein hiriko beste askok ez dute hutsik egin jaietan. Asteburuko hainbat irudi jaso ditugu bilduma batean.