Bulebarra hartu dute ehunka herritarrek, epaitutako Kataluniako buruzagi sozial eta politikoei elkartasuna adierazteko
Goizean goiz jakinarazi ditu Espainiako Auzitegi Gorenak Kataluniako 2017ko urriaren 1eko erreferendumagatik epaitu dituen bederatzi buruzagien aurkako zigorrak. Bederatzi eta hamahiru urte arteko zigorrak ezarri dizkie bederatziri; matxinada delitua baztertu egin du, eta sedizio delituagatik zigortu ditu. Beste hiru, aldiz, desobedientziagatik zigortu ditu, eta horiek ez dira espetxera joango.
Auzitegi Gorenaren epaia “demokraziaren aurkako eraso larritzat” jo du Amalur Alvarezek, Gure Eskuko bozeramaileak. Plataformak deituta, ehunka herritar elkartu dira Bulebarrean gaur arratsaldean, buruzagi katalanei elkartasuna adierazi, eta epaia salatzeko. “Llibertat presos politics” eta “Independentzia!” oihuak entzun ahal izan dira protestan zehar, eta estelada ugari erakutsi dituzte, Erreferenduma ez da delitua lelodun pankartaren atzean.
Protestaren amaieran Alvarezek irakurri duen oharrean, epaia ez ezik prozesu judiziala bera ere zalantzan jarri du bozeramaileak, eta argudiatu du “ez dela justua izan”. Oriol Junqueras Generalitateko presidenteorde zenari eta kontseilari zirenei ezarri dizkie zigor handienak, baita inhabilitazioak ere. Honakoak izan dira ezarritako zigorrak: Junquerasi 13 urteko espetxe zigorra eta 13 urteko inhabilitazioa ezarri dio; Raul Romeva Atzerri kontseilariari, 12 urteko zigorra eta 12 urteko inhabilitazioa; Joaquin Forn Barne kontseilariari, 10 urte eta erdiko zigorra eta 12 urteko inhabilitazioa; Jordi Turull Presidentetza kontseilariari, 12 urteko zigorra eta 12 urteko inhabilitazioa; Jordi Rull Lurralde Antolaketako kontseilariari, 10 urte eta erdiko zigorra eta 10 urte eta erdiko inhabilitazioa; Dolors Bassa Lan eta Gizarte Gaietarako kontseilariari, 12 urteko zigorra eta 12 urteko inhabilitazioa; Carme Forcadell parlamentuko presidenteari, 11 urte eta erdiko zigorra eta 11 urte eta erdiko inhabilitazioa; Jordi Sanchez ANCko presidenteari, 9 urteko zigorra eta 9 urteko inhabilitazioa; eta Jordi Cuixart Omniumeko presidente zenari, 9 urteko zigorra eta 9 urteko inhabilitazioa. “Epaiketa politiko honen amaiera justu bakarra absoluzioa zela ozen aldarrikatu dugu hilabeteotan (…); baina hilabete luzeetan aurreikusi duguna berretsi du Espainiako estatuak: larrialdi demokratiko batean gaude”, adierazi du Alvarezek.
Erreferenduma kriminalizatzeaz akusatu du Espainiako Auzitegi Gorena, eta aldarrikatu du erreferenduma tresna demokratikoa dela, “herri edo komunitate baten etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko balio duena”. Euskal Herrian ere erreferendum bat legeztatuta ikusteko nahia adierazi du bozeramaileak. Era berean, jakinarazi du etorkizuna erreferendum bidez erabakitzearen aldeko herri ekimen bat lantzen ari direla hainbat eragile.
Altsasuko gazteei keinua
Irakurketa elkartasun hitzez amaitu du Gure Eskuko bozeramaileak, eta “besarkada estuak” bidali dizkie Altsasuko gazteei, senideei, baita “injustiziaren ondorioak” sufritzen ari diren guztiei. Bidegabekerien aurrean, elkartasunarekin erantzuteko aldarria igorri du, eta mobilizatzen jarraitzeko deia zabaldu du. “Datorren larunbatean, urriaren 19an, manifestazio nazionala egingo dugu Donostian, auziko presoen askatasunaren alde, oinarrizko eskubideen alde, eta herrien eskubide kolektiboen alde”, jakinarazi du Gure Eskukoak.