Kataluniako buruzagien aurkako epaia salatzeko mobilizazioak iragarri ditu Gure Eskuk
Goizean goiz jakinarazi ditu Espainiako Auzitegi Gorenak Kataluniako 2017ko urriaren 1eko erreferendumagatik epaitu dituen bederatzi buruzagien aurkako zigorrak. Bederatzi eta hamahiru urte arteko zigorrak ezarri dizkie bederatziri; matxinada delitua baztertu egin du, eta sedizio delituagatik zigortu ditu. Beste hiru, aldiz, desobedientziagatik zigortu ditu, eta horiek ez dira espetxera joango.
Oriol Junqueras Generalitateko presidenteorde zenari eta kontseilari zirenei ezarri dizkie zigor handienak, baita inhabilitazioak ere. Honakoak izan dira ezarritako zigorrak: Junquerasi 13 urteko espetxe zigorra eta 13 urteko inhabilitazioa ezarri dio; Raul Romeva Atzerri kontseilariari, 12 urteko zigorra eta 12 urteko inhabilitazioa; Joaquin Forn Barne kontseilariari, 10 urte eta erdiko zigorra eta 12 urteko inhabilitazioa; Jordi Turull Presidentetza kontseilariari, 12 urteko zigorra eta 12 urteko inhabilitazioa; Jordi Rull Lurralde Antolaketako kontseilariari, 10 urte eta erdiko zigorra eta 10 urte eta erdiko inhabilitazioa; Dolors Bassa Lan eta Gizarte Gaietarako kontseilariari, 12 urteko zigorra eta 12 urteko inhabilitazioa; Carme Forcadell parlamentuko presidenteari, 11 urte eta erdiko zigorra eta 11 urte eta erdiko inhabilitazioa; Jordi Sanchez ANCko presidenteari, 9 urteko zigorra eta 9 urteko inhabilitazioa; eta Jordi Cuixart Omniumeko presidente zenari, 9 urteko zigorra eta 9 urteko inhabilitazioa.
Elkarretaratzea eta manifestazioa
Herrialde Katalanetan zein beste leku askotan berehala piztu dira erreakzioak, eta mobilizazio ugari daude aurreikusita. Gure Eskuk protestak iragarri ditu Euskal Herriko herri eta hirietan, eta Donostian, elkarretaratzera deitu du, 19:00etarako Bulebarrean. Elkarretaratze “zaratatsua” egingo dute, Erreferenduma ez da delitua. Askatasuna lelopean.
Gure Eskuk igorritako oharrean “demokraziaren aurkako eraso larritzat” jo du Espainiako Auzitegi Gorenak berriki jakinarazi duen epaia, eta “larrialdi demokratikoari” Euskal Herrian ere erantzun bateratua ematearen premiaz ohartarazi du. Epaia ez ezik, prozesu judiziala bera ere ez dela justua izan salatu dute, eta epaiak Erreferenduma kriminalizatzeko modu bat izan dela kritikatu dute. “Erreferenduma tresna demokratikoa da, herri edo komunitate baten etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko balio duena. Etorkizuna erreferendum bidez erabakitzea eskubide demokratiko bat da. Euskal Herrian, legeztatuta ikusi nahi dugu, eta erabili nahi dugu”, adierazi dute.
Era berean, Espainiako Gobernuaren errepresioa jarri dute jomugan: “Zigor epai honekin, Altsasuko gazteen aurkako sententziaren, errepresioarekin eta 155. artikulua ezartzearen mehatxuarekin beldurturik nahi gaituzte, etsirik, burujabetza asmoak lortzeko itxaropenik gabe. Baina oker daude. Gure etorkizunaren jabe izan nahi dugu, zilegi delako, eskubide demokratiko bat delako”.
Gaurko protestekin batera, datorren larunbaterako, hilaren 19rako, manifestaziora deitu dute, “auziko presoen askatasunaren alde, oinarrizko eskubideen alde eta herrien eskubide kolektiboen alde”. Donostian izango da, eta plataformak Gipuzkoako hiriburuko kaleak betetzeko deia zabaldu du.