Realak lehen partida galdu du 28.367 zale bildu dituen derbian

Partidaren hasieran eta amaieran eginiko bi golekin lortu du Athleticek Anoetako derbiko hiru puntuak Bilbora eramatea. Gonzalo Arconadaren taldeak joko ona egin du, baina ez da golik egiteko gai izan, eta Nekane Diezek, Athleticeko aurrelariak, ez du hutsik egin. Bere bi golek talde donostiarraren lehen porrota ekarri dute, baina dena ez dira albiste txarrak izan Realekoentzat. Izan ere, 28.367 lagun elkartuz, igandeko neurketak Anoetaren orain arteko marka apurtu du nesken partida batek bildutako zale kopuruari dagokionez.
Eskubaloian, Bera Berari gauzak ez zaizkio behar bezain ondo joan Errumaniako bisitan, eta EHF kopako bigarren kanporaketa pasa ahal izateko, CSM Corona Brasovek ateratako bost puntuko tartea gainditu beharko dute donostiarrek datorren larunbatean Bidebietan.
Saskibaloian ere albiste onik ez. Izan ere, Ibaeta Basketek porrot berri bat jaso du Zaragozan, eta Azu Muguruzaren neskek punturik gabe jarraitu beharko dute sailkapenaren beheko partean beste astebetez.
Izotz hockeyan, berriz, Txuri Urdinek garaipen sendoa lortu du etxetik kanpo, Jakaren aurka, eta bere burua sailkapeneko lehen postuan finkatu du.
FUTBOLA
Emakumezkoen lehen maila, 5. jardunaldia
- Reala 0 – 2 Athletic
ESKUBALOIA
EHF kopa, bigarren kanporaketa
- CSM Corona Brasov 35 – 30 Bera Bera
SASKIBALOIA
Emakumezkoen lehen maila, 4. jardunaldia
- Mann-Filter 57 – 48 Ibaeta Basket
IZOTZ HOCKEYA
Espainiako Senior maila, 4. jardunaldia
- Jaka 0 – 5 Txuri Urdin