Iraia Eliasen 'Matriuska' da 2020ko Poltsiko Antzerki Sorkuntza programaren irabazlea
2020ko Poltsiko Antzerki Sorkuntza programak baditu dagoeneko lehen eta bigarren sariak. Jasotako proiektuen artean, epaimahaiak lehen saria eman dio Ttak teatroa eta Kamikaz kolektiboa taldearen Matriuska antzezlanari. Bigarren saria, berriz, Elur Sorkuntza Etxearen Esnatu naiz lanari egokitu zaio. Saritutako lanak, 2020ko urtarrilaren 30etik otsailaren 16ra hiriko hainbat taberna eta aretotan egingo den 29. Poltsiko Antzerki Jaialdiaren barruan ikusi ahalko dira.
Donostia Kulturak, Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak parte hartzen dute programan, eta helburua da euskarazko formatu txikiko antzerki sorkuntza eta ekoizpena bultzatzea.Proiektu irabazleak 4.000 euroko diru-laguntza jasoko du proposatutako antzezlana garatzeko eta ekoizteko, eta, bigarren sariak, berriz, 3.200 euroko diru-laguntza izango du.
Iraia Elias zarauztarra da Matriuska proiektuaren zuzendaria eta bi aktoreetako bat. Amancay Gaztañaga da beste aktorea. Hona hemen lanaren sinopsia: “Etorkizun berri bat eraikitzeko giltza beraien esku dago. Emakume guzti horiek utzitako ondarearen bidez mundua eraldatzera datoz mesias berria eta bere laguntzailea. Bada garaia euren dohainen ardura hartu eta erronka berriari adarretatik heltzekoa. Bada garaia munduari begiak zabaltzekoa. Bada garaia euren zer dagoen ikusi eta ekintzara pasatzekoa”.
Esnatu naiz lanean, Andoni Mutiloa da aktorea, gidoilaria eta zuzendaria. Antzezlanaren protagonista da Pello, eta Londresko Happy end Club-ean egiten du lan. “Dantzatzeaz eta kantatzeaz gain, bere showa izatea lortu du eta gauero jende asko joaten da bera ikustera. Ikuskizun honek kontatzen digun istorioa xelebrea izan arren, galdera sakona proposatzen digu: gure nortasuna eta gure bizimodua bat al datoz?”, dio lanaren laburpenak.