Jazzaldiko tokiko taldeen hautaketa prozesuan izena emateko epea ireki dute
Urteroko legez, tokiko taldeen arteko hautaketa prozesua jarriko du martxan aurten ere Jazzaldiak, eta 2020ko jaialdian –uztailaren 22tik 26ra izango dena– parte hartuko duten hamar talde aterako dira prozesu horretatik. Iaz Euskal Herriko 45 talde aurkeztu ziren hautaketa prozesura, eta antolakuntzak hamabost aukeratu zituen, hiriko areto desberdinetan jotzeko. Hamabost horien artean hautatu zituzten Jazzaldian joko zuten hamarrak. Aurten ere horrelakoa izango da hautaketa prozesua. 2006an hasi ziren tokiko taldeak indartzeko helburuarekin prozesu hori egiten, eta arrakasta handia izan du urtez urte.
Hautaketa prozesuan parte hartu nahi duten taldeek Jazzaldiaren webguneko izen-emate orria bete eta oinarrietan zehazten den materiala bidali beharko dute postaz Jazzaldiaren bulegoetara (Viktoria Eugenia Antzokia. Erregina Erregentea kalea, 8-5. 20003. Donostia), azaroaren 21eko 19:00ak baino lehen. Prozesuan parte hartuko duten hamabost taldeek kontzertu bana emango dute 2020ko urtarriletik apirilera, oraindik zehazteke dauden egun, ordu eta lekuetan.
2019an diskoa argitaratu duten taldeak
Tokiko taldeen hautaketa prozesutik aterako diren hamar taldeetaz gain, 2019an diskoa argitaratu duten Euskal Herriko bost talde ere arituko dira 2020ko Jazzaldian. Egoera horretan dauden eta Jazzaldian jo nahi duten taldeek abenduaren 27a baino lehen bidali beharko dute diskoa aipatu bulegoetara, eta Antolakuntza Batzordeak hautatuko ditu Jazzaldian joko duten bost taldeak. Bi hautaketa prozesuak ez dira bateraezinak, beraz, bi prozesuetako baldintzak betetzen dituzten taldeek bietan hartu dezakete parte.