Bisita gidatuak egingo dituzte Artikutzan datozen bi asteburuetan
Artikutzan bi bisita gidatu antolatu ditu Donostiako Udalak urrirako; igande honetan, hilaren 20an, izango da lehenengoa, eta datorren igandean, hilaren 27an, bigarrena.
Bost kilometroko eta 70 metroko desnibeleko ibilbide erraza izango da lehen eguneko bisita gidatua, eta urtegia hustu ondoren ibaiaren birsortze prozesua ikusi ahal izango dute parte-hartzaileek. Urriaren 27ko bisita, aldiz, 5,5 kilometroko ibilaldi erraza izango da, eta Artikutzako trenbide zaharraren ibilbidea jarraituko dute, Suberri Matelo eta Anton Mendizabal ikerlarien gidaritzapean.
Ibilaldiak 9:15ean abiatuko dira, eta, parte hartzeko, bisita bakoitzaren aurreko ostirala baino lehen eman behar da izena Donostiako Udalaren webgunean dauden izen-emate orrialdeak betez. 620 33 78 75 telefonora deituz (astelehenetik ostegunera, 11:00etatik 16:00etara) edo artikutzanatura@donostia.eus helbidera idatziz ere eman daiteke izena. Bestalde, 6-16 urte artekoek 2,09 euro ordaindu beharko dituzte, eta 16 urtetik gorakoek 3,14 euro. Ibilaldiaren egunean bertan ordaindu beharko dute, eskudirutan.