Donostiako CO2 emisioak areagotu egin dira, eta ez ditu 2020rako zituen aurreikuspenak beteko
2017ko Donostiako Berotegi Efektuko Gasen Udal Inbentarioa aurkeztu du gaur Enrique Ramos ekologiako zinegotziak, eta datuak areagotu egin dira 2016koekin alderatuz. Ramosek azaldu duenez, 2017an 857 kilotona CO2 isuri ziren Donostian, industriak sortutako isuriak kontuan hartu gabe, beraz, donostiar bakoitzak 4,6 CO2 tona sortu zituen urte hartan. Ramosen arabera, emisioen %56,5 garraioak eragin zuen; horren %63 autoek sortu zuten, %28 kamioiek eta furgonetek eta %6,7 autobusek. Bestalde, zerbitzuen sektoreak emisioen %19 sortu zuen; etxebizitzek %16,6; hondakinen kudeaketak %7,3 eta lehen sektoreak %1. 2016ko datuekin alderatuz, %5,8 hazi ziren 2017an Donostiako gasen emisioak eta biztanle bakoitzak %5,6 gehiago isuri du.
Igoera hori dela eta, Donostiako Udalak 2020rako zituen aurreikuspenak ezin izango dituela bete azaldu du Ramosek: “Nahiz eta 2007-2016 urteetan bilakaera ona izan, 2017an isuriek gora egitearen ondorioz, nahi genituzkeen balioen gainetik jarri gara 2020an 2007an baino %20 isuri gutxiago izateko helburua lortzeko”. Horregatik, hemendik aurrera udalak neurriak hartu beharko dituela nabarmendu du zinegotziak: “2030ean isuriak %40 murrizteko, ahalegin handiagoa egin beharko da”.