Jarduera ugari antolatu dituzte Liburutegiaren Egunaren bueltan
Urriaren 24an da Liburutegiaren Eguna, eta, horregatik, hainbat jarduera antolatu ditu Donostia Kulturak hilaren 22tik 26ra. Alde batetik, helduentzako Lekukoak saio irekiak egingo dituzte urriaren 22tik 26ra, hiriko gune desberdinetan. Donostia Kulturak azaldu duenez, “herri liburutegietako ondarea herri baten historiaren lekuko ezinbestekoa” da. Horregatik, liburutegietako adituen eskutik Donostiako liburutegi hauetako lekukoen adibideak ezagutzeko hitzaldiak antolatu ditu Donostia Kulturak:
- Tabakalerako Ubik liburutegian urriaren 22an, 17:00etan, euskaraz eta urriaren 26an, 18:00etan, gaztelaniaz.
- Udal Liburutegiaren Konstituzio plazako egoitzan urriaren 23an, 18:00etan euskaraz eta 19:00etan gaztelaniaz.
- Koldo Mitxelenan urriaren 24an, 18:00etan euskaraz eta 19:00etan gaztelaniaz.
- San Telmo Museoko liburutegian urriaren 25ean, 17:00etan eta gaztelaniaz.
Bestalde, liburutegietako profesionalei zuzendutako jardunaldi profesionala egingo dute urriaren 25ean, Memoria Aro digitalean aztertuko duten Europako aditu hauen hitzaldiekin: Europeana Fundazioko Douglas McCarthy, Frantziako Liburutegi Nazionaleko Sophie Bertrand, Espainiako Liburutegi Nazionaleko Elena Sanchez eta Eusko Jaurlaritzako Euskal Liburutegi Digitalaren arduraduna den Francisca Pulgar.
Horrekin batera, egitarau osagarri bat prestatu dute urriaren 19tik 31ra Donostia Kulturaren liburutegietan, Tabakalerako Ubik liburutegian eta Koldo Mitxelenan.