'Kolpez kolpe' aktualitate saioa estreinatuko du Hamaika Telebistak
Hamaika Telebistak saio berri bat estreinatuko du gaur gauean: Kolpez kolpe. Aktualitateko gaien errepasoa egiteko beste formula bat aurkeztuko dute, asteazkenero 22:00etatik aurrera. Ekhiñe Atorrasagasti kazetari donostiarra da programako zuzendaria, eta Naroa Iturri izango da aurkezlea, aurrez Hamaikako beste hainbat saioren gidari izandakoa.
Berria egunkariari Atorrasagastik egindako adierazpenen arabera, “aktualitateari beldurrik gabe helduko dio saioak, umore gaziarekin eta estilo biziarekin”. Kaleko ahotsez aparte, Interneteko ahotsak ere jasoko dituzte. Iturrirekin batera, lau solaskide egongo dira astero. Beste atalak ere izango ditu saioak. Atorrasagastik asteari errepaso bizkor bat emango dio eta elkarrizketak egingo ditu. Umorezko tartea Gantxeg inspektoreak beteko du, Eñaut Gantxegi aktoreak.
Lehen programan Kataluniako egoeraz, Altsasuko auziaz eta Franco hilobitik ateratzeko erabakiaz ariko dira, besteak beste. Gaurko lau solasakideak izango dira Miren Legorburu administraria, Ainara Maia filologoa, Unai Apaolaza filosofia irakaslea eta Asier Errasti kazetari donostiarra. Gainera, Errasti arduratuko da sare sozialetako errepasoa egiteaz.