Barrenetxe gozo-dendak ateak itxi ditu
Gipuzkoa plazako Barrenetxe gozo-denda historikoak agur esan du, eta aurten ateak itxi dituzten Donostiako saltoki historikoen zerrendara batu da. Izan ere, Boulevard itsaskitegiak, Ciprian ehun-gai dendak eta Itziar belar-dendak, besteak beste, agur esan dute 2019an.
Gipuzkoa plazako Barrenetxe gozo-denda historikoak urriaren 6an esan zion agur Donostiari, eta asko izan dira ordutik gozo-denda historikoko erakusleihora hurbildu diren bezeroak, saltokiaren itxiera iragartzen duen oharra irakurtzera. El Diario Vasco egunkariak argitaratu duenez, krisi ekonomikoa izan da Barrenetxe isteko arrazoi nagusia, 2018ko irailean abiatutako EEEak enpresaren likidazioarekin bukatu baitu.
Datorren urtean 100 urte bete behar zituen Barrenetxe familiaren jardunak Donostian. Izan ere, 1699tik Zugarramurdiko (Nafarroa) baserri batean txokolatea egiten egon ondoren, 1920an Juan Cruz Barrenetxek Casa Grashi gozo-denda ireki zuen Narrika kalean. Han Antxonek, Juanen semeetako batek, Solera Eibarresa gozo-denda ireki zuen Eibarren 1944an, eta han egin zuten lan bere bi semeek: Oscarrek eta Hectorrek. 1962an, aldiz, Antxonek bere gozo-denda propioa ireki zuen, Pasteleria Antxon, eta han aritu ziren lanean Hector eta bere emazte Rosa Gisasola. Hector eta Rosa senar-emazteek Legazpi kalean gozo-denda bat irekitzeko aukera ikusi zuten han zegoen La Rosa de Oro gozotegiak 1984an itxi zuenean, eta bazkide kapitalista batzuekin batera ireki zuten han Labeak gozo-denda 1985ean. Negozioak ondo funtzionatu zuen, eta azkenean, 1993an, beraien gozo-denda propioa ireki zuten Gipuzkoa Plazan: Barrenetxe.
Aurtengo beste itxiera batzuk
Asko izan dira urte honetan arrazoi batengatik edo bestearengatik itxi dituzten Donostiako saltoki txikiak. Batzuk aipatzearren, Egiako Sora janari dendak martxoaren bukaeran esan zuen agur, hurrengo hilabetean Groseko Soliño alfonbra eta estalki dendak eta Ategorrietako Iturritxo jatetxeak itxi zituzten ateak, ekainean Groseko Angelita mozorro dendak eta Gipuzkoa plazako Itziar belar-dendak, uztailean Bulebarreko Ciprian ehun-gai dendak eta Boulevard itsaskitegiak, eta irailean Bretxako Azkena tabernak. Beste batzuek oraindik irekita diraute, baina laster itxiko dute, hala nola, Parte Zaharreko Semillas Elosegui hazi dendak. Abenduan itxiko ditu ateak 105 urteko historia duen dendak, eta Groseko Branka arropa dendak ere agur esango du aurten, jubilazioagatik likidazioan dagoela dioen kartela jarri baitu jada erakusleihoan.