Donostiako pentsiodunak ere Madrilen egon dira
Manifestazio jendetsua egin zuten atzo Madrilen pentsiodunek, pentsio duinak aldarrikatzeko. Euskal Herriko pentsiodun ugari batu ziren manifestaziora, eta ez ziren Donostiakoak faltatu. Maria Serrano pentsiodunak azaldu duenez, Gipuzkoako pentsiodunen elkarteko “bost autobus” joan ziren Madrilera, tartean “Donostiako pentsiodunen batzarreko 30 pertsona”.
“Pentsio publiko duinak” aldarrikatzera joan zirela nabarmendu du Serranok, eta herri desberdinetako pentsiodunen mugimenduen arteko “elkartasun giroa” izan zela nagusi: “Pentsiodun gehienok egoera antzekoa bizi dugu, emakumeok bereziki, gutxien kobratzen dugunak baikara. Horregatik, elkartasunezko jai giroa koloretsua izan zen nagusi”. Serranok azaldu duenez, pankarta “orokor bat” eta “herri bakoitzeko pankartak” egon ziren manifestazioan, izan ere, “herri desberdinetako mugimenduak elkartzea garrantzitsua da”. Bestalde, azaroaren 16an Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean manifestazio handiak egingo dituztela azpimarratu du Serranok. Manifestazio horietan, pentsiodunetaz gain, mugimendu feminista, gazte mugimenduak eta beste hainbat eragile egongo dira. “Gobernuak jakin behar du ez garela geldituko pentsio duinak lortu arte”, gaineratu du Serranok.