Galiziaren arima, suaren mende
‘O que arde’
Zuzendaria: Oliver Laxe
Urtea: 2019
Herrialdea: Espainia
Cannesko Un certain regard sailean estreinatu eta saritua izan zenetik, zinemaldi garrantzitsuenetan –Donostia, Toronto, Karlovy Vary eta New York– egon da Oliver Laxeren azken filma: O que arde. Orain, Numax banatzaileari esker, zinemetan dugu ikusgai Galiziako mendiak suntsitzen ari diren suteetan oinarritutako istorio poetiko hau.
Amador espetxetik atera eta etxera itzuliko da, Lugoko mendietan galdutako herri txiki batera. Sute bat eragiteagatik atxilotu zuten eta orain berriro egokitu beharko da Benedicta amarekin, Luna txakurrarekin eta bere hiru behiekin bizitzera. Amak beso-zabalik hartuko badu ere, herriko bizilagunek ez dute egin zuena erraz ahaztuko. Mesfidantza izango da nagusi, haien bizilekua erre zuen gizonarekiko. Bada, filmak harreman hauen garapena aztertuko du, bederen, beste sute bortitz batek ingurua suntsitu eta herritarren elkarbizitza hautsiko duen arte. Amador ote da berriro errudun?
Santiago Fillolekin elkarlanean idatzitako gidoi sakon eta geldo batek erakutsiko digu Amadorren egokitze prozesu hau. Eta filmak aurrera egin ahala, publikoarengan galdera ugari sorraraziko dituen arren, Oliver Laxek ez du erantzunik eskainiko. O que arde ez baita piromano bati buruzko filma, galiziar herrixka eder horretako (bateko?) biztanleria landatarrari buruzko kontakizuna baizik. Alde batetik, horiek naturarekin duten errespetu harremana aurkeztuko digu: behiak, txakurrak eta zuhaitzak familia dira haientzat, aitzinako jakintza eta ohiturak mantentzen dituztelako. Eta bestetik, amaren etxera itzuli eta lekuz kanpo sentitzeari buruz sakonduko du ere –Meritxell Colellen Con el viento datorkit burura–.
Hauxe da hunkigarriena, hain zuzen, ama eta semearen arteko harreman xelebrea: itxuraz hotza baina konplizitatez eta samurtasunez beterikoa. Amador kartzelatik etxera iristen denean amak ez du hitzik esango, deus ez. Aurrerago aitortuko du marmarka asko pozten dela semea etxean egoteaz. Beste momentu batean, biak eukalipto zuhaitzei buruz solasean daudela, amak honako gogoeta egingo du: «Sufritu arazten badute, beraiek ere sufritzen dutelako da». Hala, bidezkotzat joko ditu bai zuhaitz hauen balizko gaiztakeria, eta baita semearena ere.
Herriko bizitza astiro-astiro igaroko den arren, filmak badauzka ama-semearen egunerokotasunetik kanpo dauden momentu magiko batzuk. Esaterako, plastikoki liluragarria du hasiera, non garabi batek erreta dauden zuhaitzak banan bana suntsituko dituen, zuhaitz legendario batekin topatu arte. Gauez filmatutako sekuentzia horrek, basoa argiz eta soinuz beteko du, giro magikoa sorraraziz. Naturak beste loria uneren bat noiz emango zain egongo da ikuslea film osoan zehar, azken sutea iritsiko den arte. Ikaragarriak dira benetako sute batean 16 mm-an filmatutako irudi horiek, non bizilagunen arteko elkartasuna eta inplikazioa sua itzaltzeko orduan erabatekoa den.
Oliver Laxeren filmografian ohikoa den bezala (Las mimosas eta Todos vos sodes capitans), O que arde dokumentaletik gertu dagoen fikzioa da. Eta ikaragarria da film minimalista honek zinema-aretoan sortzen duen giroa, erakusten dituen sute agerraldiak bezain itogarria.