Ikasleek protesta egin dute, Altsasuko gazteen zein 'Proces'-aren aurkako epaiak ez dituztela onartzen aldarrikatzeko
Ernai gazte antolakundeak deituta, protestak egin dituzte gaur gazte eta ikasleek Donostian. Altsasuko gazteen eta Kataluniako buruzagi sozial eta politikoen aurkako auzien epaien oinarrian dagoen “espainiar legedi faxista” salatu dute. Ehunka gaztek osatutako “ikasle blokeak” Ibaetako EHUko campusetik Bulebarrera martxa egin du, Ez dugu onartzen lelopean. Han, gainontzeko gazte eta ikasleekin batu dira, protestarekin jarraitzeko. Hain zuzen, Usandizaga institututik, Zurriolatik eta Lauaizeta ikastolatik ere irten dira zutabeak, eta eskualdeko beste hezigune batzuetatik ere iritsi dira greba deialdiarekin bat egin duten ikasleak.
Hego Euskal Herriko beste hainbat lekutan ere egin dituzte protestak, besteak beste, Gasteizen, Bilbon, Laudion, Bortziritan eta Iruñerrian. Bilbon, Ertzaintzak kargatu egin du, Espainiako ordezkariordetzan eserialdia egin duten gazteen aurka. Gasteizen, aldiz, poliziak 19 lagun atxilotu dituela jakinarazi du Ernaik.
EZ DUGU ONARTZEN!! Gazteok Independentzia!!! #AltsasukoakASKE #ErreferendumaEzDaIlegala #EzDuguOnartzen pic.twitter.com/m0tnQ9vxMu
— Ernai Donostia (@ErnaiDonostia) October 17, 2019
Ernaik zabaldutako komunikatuan azaldu dute mobilizazioaren leloaren funtsa: “Justiziaz mozorrotzen den legedia faxistak bide eman die Altsasuko gazteen zein Proces-aren aurkako epaiei. Gazteok ez dugu hauetako bat bera ere onartzen”. Gazteek, Espainiako Estatua jarri dute jomugan: “Espainia ez da demokrazia bat eta gutxiago justizia oinarrian daukan estatu bat”. “Haien burua progresistatzat daukatenek 1978an ezarritako oinarri berdinen gainean eratutako konstituzioarekin justifikatzen dituzte egun jasotzen ditugun epaiak”, gaineratu dute.
Altsasuko gazteen aurkako epaia “euskal gizartea eta bereziki gazteria gogaitu duen injustizia” gisa izendatu dute, eta adierazi dute horrelako kasuek erakusten dutela “espainiar estolden boterea eta lobby ultra-nazionalistek prozedura judizialetan daukaten erabakimena”. Euskal Herrian Guardia Zibilak izan beharreko presentzia inposatu eta justifikatzeko ariketatzat jo dute Altsasuko gazteen kasua, “guztiz zilegiak diren herri aldarriak kriminalizatu eta zigortzeko”. Gazte antolakundeak aldarrikatu du ez duela absoluzioa ez den beste epairik onartzen.
Era berean, Proces-aren aurkako epaiketaren ondorioak “onargaitzak” direla adierazi dute. “Makinaria errepresiboa martxan da, epaitegietatik harago, estatu egitura guztiak baitira sententziaren parte”, gaineratu dute, eta Espainiako Estatuaren izaera autoritarioa salatu dute. Herrialde Katalanetan zein Euskal Herrian burujabetza muturreraino eramateko nahia azaleratu dute, eta, horretarako, “elkartasun hutsaletik harago” eta “haserretuta egotetik harago”, zigortzen duten matxinada bera da martxan jartzeko beharra aldarrikatu dute.
Azkenik, gazte antolakundeak bat egin du Gure Esku plataformak larunbaterako, hilaren 19rako, deitu duen manifestazioarekin. Antiguan hasiko da, 17:30ean.