Inesa Gaxenen omenezko erromeria batekin hasiko da 30. Beldurrezko Astea
Jaialdiak kale ikuskizun handi batekin ospatuko du 30. urtemuga; ohi bezala, komedia eta beldurra nahastuko dituzten filmak ekarriko ditu Antzoki Zaharrera eta Viktoria Eugeniara.
1609an Pierre de Lancre inkisidoreak 200 bat pertsona hiltzeko agindua eman zuen. Tartean, Inesa Gaxen 18 urteko gaztea. Sorgin izatea egotzita bizirik erre zuten. Orain, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteak ikono moduan hartu eta omenaldia egingo dio inaugurazio egunean, urriaren 26an: ‘Hil-argien erromeria’ egingo dute, folklorea eta sorginkeria nahastuz. Gonbidatu berezia izango da arima galduen erromeria honetan: Conchita Tou pitonisa. Gainera, Okendotik Antzoki Zaharreraino The dance of the dead ikuskizuna abiatuko da, zinemazaleek “heriotzaren dantza hipnotikoan” murgiltzeko.
30 urte bete ditu aurten jaialdiak, eta publikoa bera da kartelaren protagonista. Joan den urteko jaialdian egin zuten argazki saio batean prestatu zuten irudia, Beldurrezko Astearen “tenplu nagusian”, Antzoki Zaharrean. Hemen aurkeztu dute egitarau guztia. Askotariko filmak izango dira ikusgai. Josemi Beltran zuzendariak nabarmendu du emakumezko zuzendarien lanak izango direla: Rabid eta Darlin’, besteak beste. Euskal film batekin hasi eta bukatuko da Beldurrezko Astea. Inaugurazioan Galder Gaztelu-Urrutiaren El hoyo filma emango dute Antzoki Zaharrean. Sitgesko Fantasiazko Zinemaren Astean harrera bikaina izan du eta sari mordoa eskuratu ditu. Bukaerako emanaldian, Aritz Moreno donostiarraren Ventajas de viajar en tren filma emango dute. Eskarmentua badu film laburretan (Cotton Candy, Colera, Loop), baina hau bere lehen film luzea da.
Hainbat egile omenduko ditu Beldurrezko Asteak. Chicho Ibañez Serrador zinemagilearen klasiko bat, ¿Quien puede matar a un niño? filma, proiektatuko dute Viktoria Eugenia Antzokian, urriaren 25ean. Alien-en sortzailea ere izango dute gogoan, HR Giger-en omenezko erakusketa bat irekiko dute-eta San Jeronimo kalean, udal liburutegiko ekitaldi aretoan.
‘Zinemapelmak’, emanaldi berezia
Beldurrezko Astearen emanaldietan beti egoten da giro berezia. Batzuetan ikusleak isill-isilik egoten dira, baina beste batzuetan, pantailan gertatzen denaren inguruko iruzkinak egiten hasten dira. Filma girotzeko lanetan ibiliko dira Mikel Pagadi eta Ainhoa Etxeberria Zinemapelmak izeneko saio berezian. Bien artean, eta publikoaren laguntzarekin, Robowar (Bruno Mattei, 1988) pelikula komentatuko dute. Viktoria Eugenia Klub aretoan izango da saioa, doan, urriaren 30ean.
Sarrerak eta abonamenduak
Antzoki Zaharrerako abonamenduen salmenta (77 euro) ostiralean, urriaren 18an, hasiko da, 16:00etan. Hauek soilik Antzoki Zaharreko leihatilan eskura daitezke. Viktoria Eugeniako abonamenduak (16,5 euro) eta jaialdirako sarrera solteak (7,50 euro) astelehenean jarriko dituzte salgai, 16:00etatik aurrera. Internet bidez ere eskura daitezke sarrera solteak, baina abonamendua Viktoria Eugenian bertan erosi behar da.